Ahuntzen hirugarrena ibilbide berriaz dator

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 3a, 18:00

Martxoaren 16an egingo dute Elgetan Ahuntzen eta Antxumeen lasterketaren hirugarren edizioa, eta eguaztenean zabaldu zuten izen-emate epea: "Goiz ibili behar izaten dugu dena lotuta izateko", diote antolatzaileek.

Lerrook irakurtzen dituzuenerako, 2024ko Ahuntzen lasterketarako kuadrilla politak izango du izena emanda dagoeneko –eguaztenean, azaroaren 1ean, zabaldu zuten izen-ematea Herrikrosa.eus atarian–. Hala, Intxortako Ahuntzak Trail lasterketako antolatzaileak hasita daude datorren urtekora begira lanean. "Lasterketako kartela ateratzea izaten da lehenengo eginbeharretako bat, eta horretarako ondoan zein babesle izan behar duzun jakin behar dugu; horrenbestez, bai, dezenteko aurrerapenarekin ibili behar izaten dugu", adierazi dio GOIENAri Eleder Lozanok.

Bost kilometro luzeagoa

Datorren urteko lasterketara begira, Ahuntzen lasterketak bost kilometro gehiago izango ditu. "Esango nuke hori dela aldaketa nabarmenena. Egoarbitzako tontorra sartzea erabaki dugu, Elgeta inguruko mendirik ederrena da, eta horrek lasterketa apur bat luzatuko du [21 kilometro eta 1.000 metrotako desnibela]. Gainontzean, ibilbidea beste urteetako berbera da".

Nahi eta nahiez, aldaketa horrek lasterketa gogortu egingo du apur bat, baina Iratxe Alonsoren esanetan egingarria da. "Egia da ez dela gauza bera lasterketa bat martxoan ala maiatzean antolatzea, eta gurea denboraldiaren hasieran dagoela, baina garbi daukagu gurera etortzen diren korrikalariak hori egiteko kapaz direla".

Babes handia herrian

Lozano eta Alonso bat datoz esaterakoan Ahuntzen lasterketak babes polita duela. "Herrian, portaletik irtetearekin batera mendian zaude, eta horrekin batera, herri txikia izatean, herritarrak beti egon izan dira gertu lasterketa egunean laguntzeko. Hirugarren edizioa antolatzeko lanean hasita geundela esan genuenean lagun asko etorri zitzaizkigun oraingoan ere laguntzeko gertu daudela esaten, eta hori asko eskertzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak