Elgetan ere bat egin dute 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urr. 19a, 10:44

Ekimenarekin bat egiteko atzo arratsaldean eskola atarian ateratako talde argazkia.

Gaur emango diote hasiera haurren hizkuntza erabileran helduek duten garrantziaz ohartarazteko Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez antolatutako ariketari. Ekimenarekiko atxikimendua adierazteko argazkia atera zuten atzo Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko, guraso elkarteko eta Herri Eskolako kideek.

Gaur hasi eta hilaren 29ra arte burutuko da Haurren aurrean helduok heldu ekimena. Hainbat dira ekimenarekin edo ariketarekin bat egin duten Euskal Herriko herriak, eta tartean da Elgeta. Helburua bikoitza da: batetik, helduen arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta, bestetik, helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntzan eta sozializazio prozesuan duten eraginaz sentsibilizatzea.

Atzoko agerraldian azaldu zuten moduan, haurrek asko egiten dute euskaraz, eta orain helduen momentua da. Haurren aurrean badute helduek zer erakutsi. Egun hauetan euskaraz egitera gonbidatu ziren argazkian parte hartu zuten guraso eta irakasleak. Horretan laburtzen da ekimena: helduen arteko elkarrizketetan euskara erabiltzea. Belarriprestendako deia ere badago, haiek ere lagun dezaten elebitan egiten diren elkarrizketekin.

Elgetarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik zein guraso elkartetik. Herri eskolak ere bat egin du ekimenarekin. Ariketaren berri ematen duten ploter bana jarriko dituzte eskola atarian, kultura etxeko balkoian eta Bolatokiko jolasgunean. Horrekin batera, eskuorriak banatu dituzte eskola atarian eta Euskaltzaleen Topaguneak kaleratutako bideoa zein prestatutako informazioa partekatu dituzte gurasoen eta hezkuntza komunitatearen artean.

"Egin euskaraz!, agintzen diete gurasoek haurrei, helduek euren artean erdaraz egiten duten bitartean. Euskal Herriko edozein txokotako irudia da, egunero-egunero etxean, plazan edota eskola atarian errepikatzen dena. Haurrek euskaraz egin dezaten nahi badugu, zergatik ez dugu helduok hala egiten?", azaltzen dute euskara elkarteen topagunetik. "Izan ere, hizkuntza transmititzearekin batera, hizkuntza bat —zein beste— erabiltzeko ohitura edota arau sozialak ere transmititzen dizkiegu gurasoek umeei".

Elgetako Herri Eskolak ere bat egin du Haurren aurrean helduok heldu ekimenarekin eta kanpainaren berri zabaldu dute familien artean. Eskola orduetan, berriz, gaia landu dute neska-mutikoekin ikasgeletan. 

Ekintzak Elgetan

Hamaika egunez luzatuko da ekimena. Hamaika egunotan helduei parte hartze aktiboa eskatzen zaie eta umeekin euskaraz egitearen garrantziaz gogoeta egiteko egunak izango dira.

Urriaren 26rako, berriz, familia giroan poste-posteka baloi jokoan aritzeko deialdia egin dute. 16:30ean hasiko dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak