Intxortako frontea ezarri zuteneko egoera antzeztu dute Elgetan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urr. 8a, 18:34

Antzeztutako bisita gidatua egin dute gaur goizean Elgetan, Intxortako frontea ezarri zela 87 urte pasa direla gogora ekartzeko. Pertsonaia errealak antzeztuz kontatu dute pasarte historiko erreala, gertatutakoa ez dadin ahaztu.

Intxortako inguruetan duela 87 urte bizi izan zuten egoeraren erreplika, errekreazioa, egin dute gaur Elgetan, antzezlanean parte hartu duten 40 bat lagunen eskutik.

1936ko urriaren 3ra bueltatu da gaur Elgeta. Eraso egingo dietela jakin dute. Falangisten artean komunista moduan infiltratuta dagoen kide batek pasako die informazioa errepublikarrei, bere maitalearen bitartez. Abisua jasota eta zer datorren jakinda, defentsarako postuetan jartzen dira errepublikarrak. Oraindik ez dituzte arma guztiak, baina jendea prestatzen ari da hurrengo eguneko, urriaren 4ko, erasoaldirako. Belga metrailadorea eta Txekiako fusilak ere prest dituzte. Lehen erasoaldia izan zen hura; Uberatik, Asentziotik eta Angiozartik atakatu zuten.

Lore eskaintza egin dute errekreazioaren amaieran Salbador ermitan dagoen oroigarrian, 36ko gerrako biktima zibilak omentzeko, aurreskuarekin batera. Txalaparta eta trikitia ere entzun dira.

Pertsonaia errealekin antzeztu dute historiako pasarte erreala. 40 bat lagun ibili dira aktore lanak egiten, herrikoak eta ingurukoak batzuk, baina baita Durangotik zein Donostiatik etorritakoak. Historiako ikasle kuadrilla txiki bat ere bai, tartean.

Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak prestatu dute elkarrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak