Negoziaketa planaren barruan, batzordeen birmoldaketa proposatu zuen Elgetako EAJ-PNVk; birmoldaketa horren harira, "aurre-akordio bat" zutela ere aitortu zuen jeltzaleen ordezkariak, baina, Elgetako EH Bilduko ordezkariak, Ibon Unzetabarrenetxeak, "ukatu" egin du bi alderdien arteko aurre-akordioa.
Horrez gain, Udal Gobernuak adierazi du ez daudela "ados batzorde batzuekin egiten den korrelazioarekin". Korrelazio horren inguruan hitz egitean bi batzorderen adibideak jartzen dituzte: "Ongizate eta Kirol batzordeak batzearekin ez gaude ados, izan ere, ez dute zerikusirik bata bestearekin". Ildo beretik mintzatu dira jeltzaleek proposatu zuten Ekonomia, Ogasuna eta Erakunde Gaiak batzordearen inguruan: "Gaur egun, gai ekonomikoak Ogasuna eta pertsonala batzordean lantzen baitira".
Hau guztia esanda, eta EH Bilduren udal taldeak jeltzaleek egindako berrantolaketa proposamenak egoki ikusi ez arren, Unzetabarrenetxeak adierazi du prest daudela "gai horiek, zein etorkizunean sortu daitezkeenak ere, Elgetako EAJ-PNV udal taldearekin eztabaidatzeko".