Urko Lozanok bigarren egin du gazte mailako Euskal Kopan

Julen Murua Mesonero 2023ko ira. 29a, 15:13

Urko Lozano korrikalaria Skyrhune Ttiki lasterketan. Argazkia: Skyrhune

Aurreko asteburuan jokatu zuen Urko Lozano mendi lasterkari elgetarrak Azkainen (Lapurdin) Euskal Kopako azken proba. Hirugarren amaitu zuen lasterketa, eta, bigarren egin du kopan.

Skyrhune Ttiki lasterketa jokatu zuen Urko Lozano elgetarrak joan den asteburuan. Hamar kilometroko lasterketa izan zen eta podiumera igotzea lortu zuen helmugara hirugarren postuan iritsi ostean. Emaitza honi esker bigarren postuan amaitu du Lozanok Euskal Kopa. Elgetarra ez zen bere onenean heldu; "erdi gaixorik" sentitu zela adierazi du. Hala ere, maila oso ona eman zuen.

Berriki hasia da Lozano mendi lasterketak jokatzen. Gazte mailako lasterkaria da eta emaitza politak lortu ditu denboraldi honetan, tartean garaipen esanguratsuak.

Apirilean, bera izan zen gazte mailako azkarrena Lineako Euskal Herriko txapelketan. Mendaron jokatutako Kilimon Trail lasterketan eskuratu zuen garaipena.

Euskal Herriko kilometro bertikaleko txapelketan ere Lozano izan zen nagusi bere kategorian. Maiatzean jokatu zen txapelketa hori Txindokin.

Mendia gustuko du Lozanok. Ikusten denez ondo igotzen da, baina jaitsieretan da bereziki trebea.

Euskal Herriko selekzioaren kamiseta ere jantzi du elgetarrak. Villanuan jokatutako Espainiako txapelketan izan zen irailean eta taldekako sailkapenean hirugarren egin zuen.

Jarraitu beharko zaio pista Urko Lozano elgetarrari.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak