Ikasturte berriko kirol eskaintza hastear da

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urr. 1a, 11:13

Aste honetan egin dituzte ate irekiak jarduera gehienetan, eta hurrengoan emango diote hasiera ikasturteari. Izen-emateak zabalik jarraitzen du eskaintzako jarduera guztietan. Interesatuek udaletxean zein monitoreei eska diezaiekete informazioa.

Zortzigarren urtez Etor Garate arduratuko da udal eskaintzako jarduerak gidatzeaz. Gimnasia lasaia, spinninga, eta tonifikazioa edo mantentze-gimnasia eskainiko ditu. "Ez dago adin tarterik gimnasia lasaia jarduerarako, baina egia da parte hartzaile gehienak adin batetik gorakoak direla. Hala, haien ezaugarrietara eta erritmora egokitutako saioak prestatzen ditut. Denetarik egiten dugu; beroketa ariketak, lanketa ariketa espezifikoagoak, luzaketak... Osasunerako egokiak diren ariketak izan ohi dira", azaldu du Garatek.

Intentsitate handiagokoak izaten dira tonifikazioa edo mantentze-gimnasiako saioak. "Jendeak eskatzen duenaren arabera moldatzen ditut saioak. Sartzen dira abdominalak, gluteoak eta hankak indartzeko ariketak, kardio-ariketak, luzaketak... Horiek izaten dira gehienbat".

Astean lau spinning saio ere izango dira. "Asmoa da bi talde ateratzea, baina malgutasunez jokatzen dugu. Bada jendea askotariko konpromisoak direla-eta ezin dena astero egun berdinetan etorri. Aukera ematen dugu astelehenetik eguenera astean bi saiotara etortzeko, berdin dio zein egun".

Gym power nobedade

Beste elgetar batek, Maier Irazabalek, pilates eta gym power saioak emango ditu astean bitan. "Pilates ez da berria eta elgetarrek ezagutzen dute. Nobedadea, aurten, gym power da eta zunba ordezkatzera dator", azaldu du. "Beste leku askotan zunbak harrera oso ona du, baina Elgetan ez, eta erabiltzaileek gym power emateko proposatu didate".

Gym power zer den galdetuta, Irazabalek dio musikarekin egiten dela eta gimnasioko materiala erabiliz askotariko ariketak egin daitezkeela. "Kontua da gihar espezifiko batzuk landu beharrean gorputz osoko atalak lantzea mugimenduaren eta ariketen bitartez". Pozik da Irazabal ate irekietan jarduera berriak izandako harrerarekin. "Lehen egunetan behintzat jende pila etorri da probatzera".

Ainhoa Ameztiren tai-chi saioek, Estitxu Bravoren areto-dantzako saioek, Alazne Azkarateren yoga eta uddiyana bandha ariketek –hipopresiboen antzerakoak– zein Lourdes Ciden yoga saioek jarraipena izango dute ikasturte honetan ere. Guztietan izena emateko aukera dago oraindik ere.

Eskola kirola eta pilota

Eskola adinean dauden neska-mutikoendako, berriz, aukeran daude eskola kirola zein eskola pilota saioak. "Eskola kiroleko hiru taldeak aterako direlakoan gaude. LH1-LH2 talderako izen-emate handia espero dugu, eta iaz ez bezala LH3-LH4 eta LH5-LH6 mailetan nork bere taldea izango du. Iaz ume gutxi apuntatu ziren eta talde bakarra osatu genuen denekin", esan du Garatek.

Ordubeteko saioetara itzuliko dira –ez bi ordukoak–, eta umeek aukera izango dute astebukaeretan Bergaran egingo diren jardueretan parte hartzeko. "Orain arte taldea osatu behar zen, baina aurrerantzean ez da derrigorrezkoa izango".

Pilota-eskolak ere jarraipena izango du aurten. Astelehenetan eta eguaztenetan izango dira saioak, 17:30etik 19:30era.

Euskal dantzak ikasturte osoan

Udalak ahalegina egin nahi du ikasturte osoko euskal dantzen ikastaroa aurrera ateratzeko. Urteak dira ez dela horrelakorik Elgetan; izan ere, jaietarako propio antolatutako ikastaroak egin izan dira aurreko urteotan. "Irakasleak Eibarko Kezka Dantza taldeko bi lagun izango dira, eta saioak barikuetan izango dira. 16:15-17:15 bitartean bi talderi eskainiko zaizkie saioak: HH 3-5 bitartekoei eta LH 1-3 bitartekoei. 17:15-18:15 bitartean ere bi taldek jasoko dituzte saioak; batetik, LH 4-6 bitartekoak arituko dira, eta bestetik, DBH- ko 1. mailatik aurrerakoak", azaldu du Kultura zinegotzi Maialen Arnedok.

Udalak ez du adin mugarik ezarri. Gutxieneko izen-emate kopururik ere ez dute zehaztu. Dena den, kontuan izango dute taldeak osatzerakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak