Txurrukak Peraltan jokatu zen lasterketan zegoen "maila" nabarmendu nahi izan du. Izan ere, dio horrelako lasterketetan asko izaten direla "korrika egiten probatzera joaten direnak"; kasu honetan, baina, aurretik prestatutako korrikalariekin aritu zen, eta "horrelako jendearekin lehiatzeak sentsazio onak" utzi zizkiola adierazi du. Hurrengo lasterketaren bat jokatzeko asmoa baduela dio elgetarrak, nahiz eta aurretik "egutegia antolatu" beharko duen.
Txurrukaren errekorra gaindituta
Elgetarrak Peraltan jokatu zuen lasterketa, baina, aldi berean, herrian ere jokatu zen Intxortako igoera. Emakumezkoetan, Nerea Goikoetxea izan zen azkarrena (22:38), eta 2019. urtean Txurrukak jarri zuen errekorra hobetu zuen. Txurrukak dio "pozik" dagoela "ezaguna den batek" ondu duelako marka, eta egunen batean ondo badatorkio Intxortako igoera jokatzea, saiatuko dela errekorra bereganatzen, nahiz eta ez dion "garrantzi handirik" ematen.