Patata tortilla goxoenaren bila

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 22a, 09:30

Beheko Kale-90210 taldeko Gorkak eta Oxelek irabazi zuten iaz.

Zer behar da patata tortilla onena egiteko? Elgetarrak lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte Goibeko Euskaltzaleen Elkarteak, Gazte Asanbladak eta Udalak. Izen-ematea zabalik dago.

Zapatu arratsaldean zartagin artean ibiliko dira elgetarrak. Patata tortilla lehiaketa 18:00etan hasiko da. Mendizaleen plazan jokatuko da eta Oiharte sagardotegiko upela ere egongo da. Bestetik, Elgoibarko Mauxitxa txarangak girotu du festa.

Udazken jaiaren barruan kokatzen den ekitaldia da. Batera aritu dira antolaketan, aurten, Goibeko Euskaltzaleen Elkartea, Gazte Asanblada eta Udala. Herritarrak lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Iaz berreskuratu zuen txapelketa Goibekok, eta 24 taldek eman zuten izena. Saria jasoko dute, aurten ere, tortilla goxoenak, originalenak eta baita azken sailkatuak ere.

Iazko irabazleei beraien sekretuaren inguruan galdetuta, zera azaldu du Gorka Arizmendiarrietak: "Ez dago sekreturik, benetan. Olioa, patata, tipula, arrautzak... Den-dena maitasunarekin erabili eta kito". Gomendioa ere eman du: "Zartaginaren ondoan egon adi-adi arreta galdu barik eta irabazle seguru".

Patata tortilla txapelketarako izen-ematea zabalik da Haizea eta Lola tabernetan zein udaletxean eta liburutegian. Sari banaketa 19:30erako iragarri dute.

Arratsalde osoan zehar Haurren aurrean helduok heldu kanpainaren inguruko informazioa ere banatuko dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak