Intxortako igoera berriz ere jokoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 22a, 09:00

Iazko sari banaketa.

Elgetarrendako hain kuttuna den mendi lasterketa 11:00etan abiatuko da. Izen-ematea ordu erdi lehenago irekiko dute.

Intxortako 26. igoera jokatuko da zapatuan. Iaz 23 lagunek eman zuten izena. Hamaikak jokatu zuten Intxortarainoko lasterketa, eta Salbador ermitarainoko umeen lasterketan hamabi parte hartzaile izan ziren, zazpi mutil eta bost neska. Ikuskizun polita izan ohi da lasterkari gehien gehienak herritarrak izan ohi direlako.

Badator aurtengoa eta ibilbidean zein antolaketan ez da aldaketarik izango. Proba plazako petriletik abiatuko da 11:00etan, eta lasterkariek Intxortako haize-orratzari buelta eman eta berriz plazara jaitsi beharko dira ahalik eta azkarren. Berdin dio nondik egin gorako eta beherako ibilbidea. Kronoa lasterkariek petrila ukitzerakoan geldituko da.

Aurten ere parte-hartze polita espero da. Iaz Egizabaldarrak izan ziren jaun eta jabe 16 urtetik gorako gizonezkoen lasterketan. Martin Egizabal (17.18) izan zen azkarrena. Pablo Egizabal anaiak (17.46) eta Iñaki Egizabal aitak (18.39) osatu zuten podiuma. Aurten ere lasterketan izango dira Martin eta Iñaki; ez horrela Pablo.

Emakumeetan Saioa Ugidos (24.45) izan zen azkarrena. Argider Txurrukak (25.10) bigarren egin zuen.

Nabarmentzekoa izan zen, baita ere, 12 urtetik gorakoetan Unax Agirrek egindako denbora; 18.08. Lasterketako laugarren denborarik onena egin zuen helmugan. 12 urtetik gorako emakumezkoetan Maddi Barrutia (25.15) nabarmendu zen.

Indarrean dauden markak

Intxortako igoeraren bueltan bada beste erronka bat; aurretik indarrean dauden markak hobetzea. Eleder Lozanok du gizonezkoetan markarik onena. 2015ean egin zuen: 16.14.

Emakumeen kategorian Argider Txurrukak du denborarik onena: 2019an egin zuen: 23.47.

Lasterketa 11:00etan abiatuko da. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 10:30ean plazan. Sari banaketa 13:00etan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak