Udazken jaiko azokarako zein patata tortilla lehiaketarako izen-emateak zabalik dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 15a, 09:00

Epaimahaiko kideak iazko txapelketako tortillak baloratzen.

Irailaren 23an ospatuko dute jaia Elgetan. Egun osoko egitaraua prestatu dute Gazte Asanbladak, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak eta Elgetako Udalak.

Bihar zortzi ospatuko da Udazken jaia, eta herriko baserritarren eta artisauen urteroko azokarekin hasiko da. Dozena bat postuk osatu ohi dute azoka, eta aurten ere bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei antolatzaileek. Herrian edota herritarrek ekoizten dituzten produktuekin osatzen da azoka eta iaz moduan aurten ere barazkiak, eztia, ogia, gozoak zein artisautza-lanak egotea aurreikusten da. Izen-ematea zabalik da hilaren 18ra arte. Interesatuek udaletxera jo behar dute.

Patata tortilla lehiaketa

Arratsalderako iragarri dute antolatzaileek herritarren aldetik harrera beroa izaten duen patata tortilla lehiaketa. Onena nork prestatu lehiatu ohi dira elgetarrak. Urteetako etenaldiaren ostean Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak berreskuratu zuen iaz, eta 24 talderen parte hartzearekin egin zen. Argi dago herritarren gustuko ekintza dela, eta aurten Gazte Asanbladaren eta Udalaren parte hartzearekin ere antolatuko da.

Antolatzaileek jakinarazi dute izen-ematea zabalik dela Haizea eta Lola tabernetan zein udaletxean eta liburutegian. Epaimahaiko kideek zaporea, itxura eta originaltasuna baloratuko dituzte, eta hiru sari banatuko dira; tortilla onenaren saria, tortilla txarrenaren saria eta tortilla originalenaren saria.

Txapelketa 18:00etan hasiko da. Taldeen ardurapean egongo da tortilla egiteko osagaiak eta tresneria jartzea.

Intxortako igoera ere jokatuko da

Intxortako igoera izan ohi da herritarrek azoka egunean ikusmin handiz itxaroten duten beste ekitaldietako bat; izan ere, herri mailako erronka polita izaten da. Aurten XXVI. igoera jokatuko da. Hiru kategoria izango dira: 12 urtera artekoak, 12-16 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Izen-ematea egunean bertan egingo da, 10:20ean, Mendizaleen plazan.

Intxortako igoera iaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak