Bost umerekin abiatu dute ikasturtea Elgetako haur eskolan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 8a, 09:41

Montse Soto Calderon eta Eneritz Vazquez Ceciaga hezitzaileak.

Montse Soto Calderon eta Eneritz Vazquez Ceciaga dira haur eskolako aurtengo hezitzailea. Zerbitzuak irailaren 5ean zabaldu zituen ateak. Ume kopuru txikia zela-eta aurreko ikasturtean kezka bazegoen ere aurten bost erabiltzailerekin abiatu dute ikasturtea. Matrikula epea zabalik da hilaren 10era arte.

"Beste urte batzuetan baino haur gehiagorekin hasi dugu ikasturtea, beraz pozik gaude!", esan du Eneritz Vazquezek. Aurreko urteko egoera ez zen samurra izan, baina aurten lasaitasun handiagoarekin abiatu dute ikasturtea.

Bi hezitzaile izango dira eta hasiera batean bost erabiltzailerekin zabaldu dute zerbitzua. Urriaren 5ean ekin zioten egokitzapenari eta aste honetan, esaterako, ordubeteko tartea egin dute umeek gurasoekin haur eskolan.

Zerbitzua doan

Aldaketa garrantzitsuak dira aurten haur eskolan. Nagusienetako bat zerbitzua doan dela erabiltzaile guztiendako. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak iaz iragarri zuen Haurreskola Partzuergoa sareko zerbitzua doan izango zela ikasturte honetan eta orain sartu da neurria indarrean.

Ordutegiekin ere badira aldaketak. Sarrera eta irteera ordutegiarekin lotuta, batez ere. Elgetako haur eskola zerbitzutik jakinarazi dute ikasturte hasierako matrikula epealdia zabalik dela oraindik; domekan itxiko da. Edozein argibide edo zalantza haur eskolan bertan argituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak