Eskolan gaur emango diote hasiera 2023-2024 ikasturteari. Ikasturte hasiera samurragoa izan dadin lehenengo bi egunetan –gaur eta bihar– goizeko saioa izango dute.
Ikasturte honetan 122 ikasle hartuko ditu Elgetako ikastetxeak, iaz baino bost gutxiago. Hamar talde izango ditu eskolak: lau haur hezkuntzan eta sei lehen hezkuntzan. Hala, kinta bakoitzak bere taldea du.
Bost umek eman dute izena bi urteko gelan sartzeko. Bihar, barikua, hasiko dira egokitzapenarekin. Irakasle taldea, berriz, hogei lagunek osatzen dute.
Ikasturteko erronkei buruz galdetuta, zuzendaritza taldetik azaldu dute eskolak martxan dituen proiektuei jarraipena ematea izango dela egiteko nagusia eta iaz egindako urmaela, IkastetxeKlik energia proiektua eta Hamaiketako Osasuntsua aipatu dituzte. "Ikasturte honetan euskararen erabileraren inguruan ere ekintza ezberdinak aurrera eramatea aurreikusten dugu", azaldu dute.
Jolastoki berria
Haur hezkuntzako jolastokian hainbat berrikuntza egin ditu Udalak udan. Espazioan tipi estiloko egurrezko txabola, hareazko txokoa, egurrezko arrapalak eta loreontzi berriak daude, besteak beste. "Oso gustura gaude. Horrelako zerbait egiteko beharra sentitzen genuen", azaldu dute zuzendaritzatik. "Ikasturte hasieran familiek aukera izango dute jolastoki berria ikusteko".
Ludoteka zerbitzuak, bere aldetik, hilaren 11n zabalduko ditu ateak. Interesatuek zabalik dute izen-ematea udaletxean.