Hiru aste pasatxo gelditzen dira oraindik San Roke egunerako, eta Jai Batzordeak jakinarazi du bereziak izango direla aurten; izan ere, Fernando Ojangurenen agurreko jaiak izango dira. "Heldu da txanda emateko unea", esan du elgetarrak. Azaldu du sei bat laguneko taldea duela inguruan jaiak antolatzeko, eta espero duela egotea lekukoa hartuko duenik. Gogoan du gazte denboretan jai garrantzitsuak zirela sanrokeak. "Andra Mari jaiekin batera ospatzen ziren eta lau bat eguneko festak ziren".
Gustura ibili izan da beti jai batzordeetan Fernando Ojanguren. Poto taberna zuela, Salbador jaiak antolatzen ere buru-belarri ibiltzen zen: "Lana da eta denbora eskatzen du, baina jendea elkartzea eta festa giroan ikustea oso pozgarria da".
Erreleboa
Datorren urtean ere San Roke jaiak egotea nahiko luke Ojangurenek. "Lantaldea badago, eta nahiko nuke jaiek jarraipena izatea. Abuztuan hustu egiten da Elgetan, eta gelditzen garenendako ospakizun polita dira sanrokeak".
Aurtengo jaiei dagokienez, betiko moduan, gauerdian hasiko dira. "Su artifizialak, brindisa eta argazki emanaldia izango ditugu jaiei hasiera emateko. Argazki emanaldirako, gainera, bideo berezia prestatu dugu; azken urteotako argazkiak erakutsiko ditugu". Meza, hamarretakoa eta bazkaria ere izango dira. "Bildotsa izango dugu bazkaritarako. Datorren astean jarriko ditugu txartelak salgai, Lola tabernan. Prezioa 28 euro da, eta erromeria aurten Mira- ri eta Aintzane trikitilariek egingo dute". Jaietan parte hartzeko dei egin du Ojangurenek.
Fernando Ojanguren: "Atseden hartzeko unea iritsi zait"
Zenbat urte dira jaiak antolatzen hasi zinetela?
Hamar urte dira. Hamarretakoa egiten zen aurretik, eta apur bat gehiago egin zitekeela pentsatuta hasi ginen bazkaria, erromeria eta beste antolatzen. Jendeak erantzun egin zuen eta segida ematea erabaki genuen.
Eta erreleborik baduzu?
Lantaldetxo bat bagara, eta esango nuke irtengo dela bateren bat lekukoa hartuko duena. Nahiko nuke, behintzat. Ni laguntzeko prest egongo naiz beti.