Unai Cantabrana elgetarra OT saiorako lehian da

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko uzt. 13a, 11:24

Unai Cantabrana atzoko kanporaketan. (Argazkia: Operación Triunfo)

Atzo Miribillan egindako kanporaketan izan zen elgetarra, eta casting-ean aurrera egingo dutenen artean da epaimahaiak horrela erabakita. Bartzelonan egingo dute hurrengo kanporaketa irailean.

Unai Cantabrana elgetarra pozik da atzoko egunak emandakoarekin. "Asko ginen atzoko kanporaketan eta lehenengo saiorako oso-oso urduri jarri nintzen. Saioko zuzendariari begietara begiratzeko esan ziguten, eta ez nintzen gai izan. Bideoan ikusten da. Dardarka nengoen eta paralizatuta moduan", gogoratzen du elgetarrak. "Gainera, kantu gehiago abesteko eskatu zidaten eta urduriago jarri nintzen", aitortzen du.

Sailkatuta zegoela esan ziotenean hurrengo fasean epaimahaiari begietara begiratzeko esan zioten antolakuntzatik. "Ez genuen bazkaltzeko denborarik izan eta jendea oso urduri zegoen nire inguruan, baina bigarren kanporaketa askoz ere hobeto joan zitzaidan. Lasaiago nengoen eta hobeto abestu nuen".

Britney Spears-en Baby one more time eta Dani Fernandezen Clima tropical abestu zituen, bigarrena gitarrarekin lagunduta. Hemen ikusgai 2:41:01 tartean.

Hirugarren fasea Bartzelonan

Cantabranak irailean jokatuko den casting-eko hirugarren fasean egotea espero du. "Esan digute 150 lagun sailkatuko direla fase horretarako eta herriz herri egindako kanporaketa hauetan 150 baino gehiago aukeratzen badituzte bateren batzuk kanpoan geldituko direla. Irailean esango digute ziur".

Cantabranak Bartzelonan egotea espero du. "Polita izango zen. Atzo ere jende berri asko ezagutu nuen eta lagunak ere egin nituen. Esperientzia polita izan zen".

Bere burua Operación Triunfo saioan ikusten duen galdetuta hauxe dio: "Sekulakoa izango zen eta nire burua ezagutzera emateko aukera bikaina, baina badakit ez dela erraza izango. Dena den, ez nuen espero atzokoan sailkatzea eta... Ikusiko dugu!".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak