Jaietan kalean elkartu dira elgetarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko uzt. 7a, 12:00

Eguneroko zereginak aldi baterako bigarren maila batean utzi, eta jai giroan egin dute topo eta topa elgetarrek. aurten, gainera, bueltan izan dira hainbat gune eta ekitaldi: txosnagunea, umeen euskal dantzak, soka dantza, ganadu azoka...

Lehenagotik ere jakinekoa zen festazalerik ez dela falta Elgetan, eta 2023ko Ferixa Nagusiko jaietan argi ikusi da hori. Nork bere neurrian, jaiak ondo zukutu dituzte herritarrek. Jai Batzordeak eguenerako deitu du balorazioa egiteko batzar irekia. Udal ordezkariek egiten duten hasierako balorazioa, ordea, positiboa da. "Nire ustez, primeran joan dira jaiak", adierazi du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Alkatetza hartu berritan, zeregin berriak ere izan ditu: "Lagunei ere horrela esan diet; uste dut hobeto pasa dudan urtea izan dela. Ez dakit zergatik, baina pertsonalki ederto pasa dut".

Beste urte batez, Herri Eguneko bazkaria izan da ekitaldi jendetsuenetako bat. "Aurten ere 500dik gora pertsona etorri dira bazkarira. Beteta egon zen plaza. Gero, Iheskideren barikuko kontzertuak ere jende asko erakarri zuen, eta Mugi Panderoa Elgetan dagoeneko ohikoa den kontzertu bat da. Herritarrek oso ondo hartzen dute, eta plaza bete egin zen", gogoratzen du Unzetabarrenetxeak.

Bueltan etorritakoak asko

2023ko jaien berezitasuna izan da gune eta ekitaldi askoren itzulera ekarri dutela. Txosnagunea, esaterako, bueltan izan da eta harrera beroa egin diote herritarrek. "Balorazio oso ona egin dute Gazte Asanbladatik ere, eta, kanpotik ikusita, agerikoa da lan handia hartu dutela eta jendeak hori aitortu egin duela. Laguntza handia jaso dute". Asanbladatik eskerrak eman dituzte "jasotako erantzun eta laguntza guztiarengatik". Eskertzen zerrenda luzea da.

Umeen euskal dantzen emanaldiak, udal ordezkarien soka dantzak eta herritar berriekin egindako kalejirak ere harrera oso ona izan dute.

Ganadu azokaren itzulera ere esanguratsua izan da. Abeltzainak gustura ziren, hitzordua bueltan izan delako, nahiz eta ohikoa baino jende gutxiago ibili izana onartzen zuten. "Tourra, beste herri batzuetan zeuden azokak eta erromeriak... Ez zen erraza izango aukeratzea. Hala ere, pozik gaude ganadu azokak izandako harrerarekin, eta hurrengo urteetara begira ere egiteko asmotan gaude", esan du alkateak. Barazki eta artisautza azoka ere ederra izan zen.

Pilota jaialdia

Ekitaldi asko izan dira jaietan, eta, tartean, egongo dira hobetzekoak ere, baina domekako pilota jaialdiak herritik kanporako dimentsioa eman zion Elgetari. ETBk eman zuen jaialdia, eta han erabaki zen gaur Iruñean jokatzekoa den San Fermin Txapelketako finaleko bigarren pilotaria. Elgetako finalerdian, Erik Jakak 22-16 hartu zuen mendean Mi- kel Urrutikoetxea, eta Jokin Altunaren kontra lehiatuko du gaur Labriten.

Jaietako argazki lehiaketa

Jaiak amaitu dira, baina Jai Batzordeak antolatutako argazki lehiaketa martxan da. Gaur amaitzen da lanak aurkezteko epea, 13.00etan. Jaietako argazki onenaren egileak 100 euroko saria jasoko du eta datorren urteko jaietako egitarauko azala izango da, gainera, irudia. Parte hartzeko, danonartian@elgeta.eus helbidera bidali behar dira argazkiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak