Azken urteetan ez du hutsik egin Ferixa Nagusiko jaietan Intxortako Lehoiak lagunarteak antolatutako zuri-gorrien eta txuri-urdinen arteko partiduak, eta aurten ere ez da salbuespena izango.
Uztailaren 2an, domeka, 11:30ean hasita, Elgetako athleticzaleek eta realzaleek elkarren arteko norgehiagokak jokatuko dituzte lagunarteko erara, eta, antolakuntzaren arabera, "lehenik eta behin, neska-mutikoen partidua jokatuko da, eta, ostean, emakumezkoena eta gizonezkoena".
Giro paregabea
"Urteroko giro berbera" espero dute antolatzaileek aurten. Harrera izugarria izan ohi du ekitaldiak, eta Bolatoki alboko kantxara bertaratzen diren herritarrek "giro ederraz eta egunaz gozatzea" nahi dute lagunarteko kideek.
Javi Gamarrak, Intxortako Lehoiak peñako lehendakariak, dio partiduen ostean gaztetxoenek eskuragarri izango dituztela "gozokiak eta edariak", ekitaldia amaitzeko.