Aurreko urtean izandako harreraren ostean, aurten ere herri kirolen erakustaldia antolatzea erabaki du Jai Batzordeak, Umeen eta Erretiratuen Egunean. Karmele Gisasolak eta Ioritz Gisasolak errepikatuko dute aurten ere, eta buruz buru lehiatuko dira barikuan plaza barrenean. Ekitaldi hori antolatzen den bigarren urtea dela kontuan izanda, "aurten ere harrera oso ona izatea" espero dutela adierazi du Ibon Unzetabarrenetxeak, Elgetako alkateak. "Giro ederra sortzen duen erakustaldia izan ohi da", eta herritar asko bertaratuko den zalantzarik ez du Unzetabarrenetxeak.
Ostean, Imanol Albizu
Imanol Albizu Goikoetxe-k egindako erakustaldiarekin amaituko dira Ferixa Nagusiko herri kirolak. "Denbora luzez geldi" egotea ez da eragozpena izan harentzat, eta elgetarrendako erakustaldia egiteko prest dago. "Lana dela-eta" lehenagoko entrenamenduen erritmo berbera jarraitzea "zaila" dela dio Albizuk, nahiz eta tarteka "entrenamendu saio bat edo beste" egiteko tartea ateratzerik izan duen. Edozelan ere, elgoibartarrari ilusio berezia egiten dio Elgetan erakustaldia egiteak: "Nire jaioterria ez bada ere, urte asko daramatzat Elgetan bizi izaten, eta ilusio puntu hori nabari dut".