Eguenean 20:00etan ateak irekiko ditu txosnaguneak, Burrunbazale txarangarekin, eta, ostean, Kordarota eta Iluminatizz taldeen kontzertuak izango dira. Bariku arratsaldean, Umeen eta Erretiratuen Egunean, elgetarrek kuadrillen arteko herri-jolasetan parte hartzeko aukera izango dute kiroldegiko kantxan. Ostean, Beasaingo Zanpaldunek ekitaldia egingo dute txosnagunean, eta, eguna amaitzeko, Kimak, Burugabe eta No Limits taldeen kontzertua izango da.
Goizeko zazpietan ateratako gaupasero argazkiarekin hasiko dute zapatuan Herri Eguna elgetarrek, eta, eguerdian plazan izango den herri bazkariaren ostean, Gotx elektrotxarangaren emanaldia izango da. Jaiei amaiera emateko, Elgetako eta Debagoieneko artisau eta ganadu azoka izango da domeka goizean, eta parrillada batekin esango diete agur elgetarrek 2023ko Ferixa Nagusiko jaiei.
Musika ekitaldiak plazan
Txosnaguneko musika emanaldiez gain, Elgetako plazan ere hainbat talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute bertaratutako guztiek. Hain zuzen ere, Mugi Panderoa eta Jainaga eta Narbaiza erromeria taldeak eta Iheskide euskal punk rock taldea izango dira kontzertuak emango dituztenak.
Txosnagunea gaztetxeko zabalgunean
2018a ezkero zeramatzaten elgetarrek Gazte Asanblada barik. Aurten, berriz, hainbat urteren ostean, urte hasieratik lanean jardun eta txosnagunea irekitzea erabaki zuten: "Herriko eragile izateko eta herriak ikus dezan hemen gaudela eta lanean ari garela", azaldu du Gazte Asanbladako Unai Andresek.
Asanbladako kideak "oso pozik" daude: "Orain arte antolatutako ekintzetan herriaren erantzuna oso ona izan da, eta haren babesa erakutsi digu". Gehitu dute txosnagunean ez dela inolako erasorik onartuko; eraso sexisten kontrako puntu morea egongo da.