Ganadu azoka izango du aurten Elgetako Ferixa Nagusiak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko eka. 21a, 13:27

Ganadu azoka 2020ko Ferixa Nagusiko jaietan.

Elgetako jaiei izena ematen dien ferixak idiak berreskuratuko ditu aurten. Pandemiaren eraginez lehenengo; eta, iaz, Diputazioarekin azken orduko arazoak izan eta gero, azken urteetan ez da ganadu feriarik egin jaietan. Bada, Elgetako Udalak gaur jaso du aurtengo jaietan ganadu feria antolatzeko baimena.

"Iaz ez genuen izan denborarik azoka antolatzeko, eta protesta moduko bat egin genuen. Aurten, aldiz, normaltasunez egingo dugu gandu azoka", dio urteetan Elgetako ganadu azoka prestatzeko ardura duen Agustin Beretxinagak.

10:00etan hasiko da herriko eta Debagoieneko artisau eta ganadu azoka. Berraondokua plazan jarriko dute ikusgai ganadu. Beretxinagak azaldu du 30 idi-pare, bi behi-pare, 30 bat behi –Elgetakoak–, ahuntz azpigorriak, behorrak, eta txerriak egongo direla. "Idiak etorriko dira ia Euskal Herri guztitik: Hondarribia, Aia, Errezil, Bergara, Elorrio, Orozko...", azaldu du.

Elgetako azokako berezitasuna idiak izaten dira: "Ez da beste inon horrelako feriarik egiten".

Askotariko postuak

Barazki-postuak eta artisauak ere egongo dira uztailaren 2an. "Eskaera gehien egiten dutenak artisauak izaten dira", dio azoka antolatzen ibiltzen den Sebas Arantzabalek. Aurtengo azokarako eskaera egin dute 40 bat artisau edo nekazarik. Denetariko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da: barazki ekologikoak, gazta, eztia, kontserbak, ogia, berakatza, burdindegiko produktuak... 

Elgetako artisauek ere jarriko dute postua: "Bi artisau postu jarriko dituzte elgetarrek, eta baita janaria ere, marokoar jatorriko janaria eta gozogintza".

10:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute azoka plazan eta inguruko kaleetan. Jendea animatu nahi duten jaietako domekan azokaz gozatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak