Bizikleta lasterketarekin ekin zioten atzo Elgetako Beheko kaleko jaien bigarren egunari. Lasterketan nor baino nor gehiago aritu ziren herriko gazteak, eta ondoren, entzierroaren txanda izan zen. Zezen-puzgarrien aurretik eta atzetik gustura ibili ziren gazteak arineketan.
Entzierroaren ostean, Amaia DJk girotu zuen arratsaldea, eta dantzarako tartea ere izan zen, Elgetako dantzari gazteen eskutik. Umeek hainbat koreografia eskaini zituzten.
Arratsalde-gau aldean, gazteek afari-merienda eta helduek auzo-afaria egin zuten, eta guztira ehun lagun inguru batu ziren elkarrekin jai giroaz gozatzeko. Erromeria Gauargi taldearen eskutik izan zen.