Martitzenean egindako batzarrean itxi zuen Ferixa Nagusiko jaietako egitaraua Jai Batzordeak. Herriko jai nagusiak ekainaren 29an hasiko dira. Festak iragartzeko, buruhandiak helduko dira plazara eguerdian, eta mozorro jaitsierarekin eta alkate txikiaren izendapenarekin hasiko dira, 19:30ean. Hala, domeka iluntzera bitartean Mozorro Eguna (eguena), Umeen eta Erretiratuen Eguna (barikua), Herri Eguna (zapatua) eta Ferixa Eguna (domeka) izango dira herrian.
Txosnagunea, gaztetxe ondoan
Nobedadeen artean da Gazte Asanbladak iragarritako txosnagunea. Burrunbazale txaran- garekin zabalduko dute, hilaren 29an (20:00), eta jaietan egunero egongo dira ekintzak. Kordarota, Iluminatizz, Kimak, Burugabe eta No Limits taldeak iragarri dituzte. Herri jolasak, Beasaingo Zanpaldunak joaldunak, gaupasero argazkia eta txintxinburruntzia ere antolatu dituzte. Gazte Asanbladak txosnagunerako txandak osatzeko laguntza eskatu du. Haizea tabernan dago txandak aukeratzeko taula, edo elgetagazteasanblada@gmail.com helbidera idatz daiteke. Bide berak erabili behar dira barikuko herri-jolasetarako izena emateko. Herriko kuadrillei dei berezia egin diete.
Jaietan, bestetik, boluntarioak behar dira hainbat zereginetarako. Interesatuek danonartian@elgeta.eus helbidera idatz dezakete.
Jai Batzordeak, bestetik, etxeetako leihoak eta balkoiak oihal koloretsuekin apaintzeko dei egin du. Elgeta jaietan dela adierazteko modu hori sustatu nahi dute aurten.