Arrakastatsua izan zen abenduan Txema Barrutiak, Manolo Cainzosek eta Fernando Larrañagak Udalarekin elkarlanean prestatutako erakusketa. Boluntario taldeak lanean jarraitzen du, eta beste erakusketa bat zabalduko du hilaren 16an.
Erakusketan Elgetako 80 baserriren argazkiak eta nazionalek 1937an egindako errolda egongo dira ikusgai –zenbat pertsona eta zenbat abere etxeko–. Horrekin batera, Elgetan dauden bederatzi ermiten argazkiak eta erregistratuta dauden hamabi erroten –bakarra dago zutik– marrazkiak egongo dira ikusgai. Maddi Etxanizek egin ditu marrazkiak.
Hiru argitalpen eta zortzi panel
Hiru argitalpen ere aurkeztuko dituzte. Honezkero ikusgai daude udal webguneko historia atalean: Ermitak Elgetan, Elgetako errotak eta Elgetako Haizea izeneko ipuina, haurrei herriko historia azaltzen diena.
Zortzi historia panel ere diseinatu dituzte, aire zabaletako museo proiektu gisa. Bozetoak erakusketa gelan egongo dira ikusgai A3 formatuan. Asmoa da informazio panel moduan ateratzea eta behin prest daudenean elizpean jartzea ikusgai.
Larrañagak, Cainzosek eta Barrutiak azaldu dute lan kolektiboa dela honakoa. Herritar askoren laguntza eta babesa izan dute.