Eguerdian hasi da topaketa Elgetan. Ekitaldi formala egin dute beste ezertan hasi aurretik eta aurretik aipatutakoez gain aurreskua ere eskaini zaie bi urteotan joandako kide guztiei. Txalo zaparrada handia izan da aurreskua dantzatu duen Martin Etxaberendako zein ekitaldian dokumentala erakutsi duen Aretxabaletako lantaldearendako.
Bazkaldu aurretik herriko plazara egin dute atzegizaleek trikitilari talde batek lagunduta. Dantzan egin dute eta horrekin batera aukera izan dute Intxorta elkarte parean eskainitako pintxoak eta edariak dastatzeko, Atzegiko txapak egiteko txokoan nork berea egiteko zein Jesus Belamendiak kristalean egiten dituen margoak ikusteko. Hamasei bat kopari jarri die Atzegiren logoa. Bazkalostean egingo dute brindisa kopa horiekin ordezkaritza karguak uzten dituzten Debagoieneko zazpi lagunek eta lekukoa hartuko duten beste zazpiek.
Jon Markiegiren erraldoia ere festan izan da eta gaurko ekitaldi amaieran egingo duten dantza ere entseatu dute plazan denek batera.
Giro ona da nagusi eta eguraldia ere lagun dute gaur Debagoieneko Atzegi Egunean.
Debagoieneko Atzegi Egunak aldarrikapenerako ere eman du. Atzegi entzun! Hitzarmena orain! Lan baldintzak duindu, zerbitzua hobetu zioten kartelak agertu dira herrian. Atzegiko presidente Mitxel Lakuntzak esan du hitzarmen berria negoziatzeko prozesua martxan dutela une honetan Atzegin.