Landa eremuarekin lotutako gaiak izan dituzte hizpide Elgetako EAJko hautagaiek Aldundiko ordezkariekin

Txomin Madina Milikua 2023ko mai. 20a, 21:32

Iker Laka alkategai jeltzaleak eta EAJren zerrendako beste zenbait hautagaik herriko landa eremuarekin  lotutako proiektuak partekatu dituzte Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Xabier Arruti; Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño; eta Landa Udalerrien Garapenerako zuzendari Jon Ander Azpirozekin.

EAJren Elgetako alkategai Iker Lakak azaldu duenez, lurralde orekaren adibide on bat da herria: "Gipuzkoaren ezaugarri diren industria eta lehen sektore, biak ditu Elgetak". Hala, Aldundiko zuzendariekin proiektuak partekatzea gain, etorkizunerako bideak nola jorratu ere aztertu dituzte.

Izan ere, Lakaren ustetan EH Bilduren udal gobernuak zentzu horretan ez du nahikoa egin azkenaldian: "Dedikazio ezberdinarekin, baina lehen sektoreko 180 ustiategi daude herrian. Gure helburua baserritarren bizi eta lan-baldintzak hobetzea da. Jakinda Elgetako Udalaren baliabideak mugatuak direla, gainontzeko erakundeek eskaintzen dizkiguten diru-laguntzak eta finantziazio moduak ahalik eta gehien aprobetxatzea proposatzen dugu. Ikusi dugu EH Bilduren udal gobernuak agintaldiaren hasieran laguntza asko eskatzen zituela, baina agintaldiak bukaerara heldu ahala eskaerak gutxitzen joan direla. Aukera galtzea deritzogu horri”. Hala, jarrera "aktiboago" baten beharra azpimarratu du.

Landa lurren digitalizazioa

Iker Lakaren esanetan Aldundiak Elgetan martxan jarritako proiektuen emaitzak ere izan dituzte hizpide topaketan; hala nola, banda zabala 48 baserritarra eraman izana; hainbat baserritarako bideak hobetzeko lanak; eta lursailen mugak zehazteko eta eguneratzeko helburu duen landa lurren digitalizaziorako ekimena. Azken horrekin lotuta, hurrengo agintaldian proiektua guztiz gauzatzeko konpromisoa azaldu du alkategai  jeltzalek: "Aurten 5.000 euroko laguntza jaso du Elgetak. Aldundiarekin lankidetza harremana estutu eta gure konpromisoa da agintaldia amaitu baino lehen Elgetako landa eremuko lursail guztiak digitalizatuta egotea. Horrek tramiteetarako-eta bai erakundeei eta baita jabeei ematen dizkieten datuak eta erraztasunak itzelak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak