Elgetako EH Bildu, herritarrei "etorkizun oparo bat eskaintzeko ilusio eta gogo handiz"

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 20a, 16:07

Elgetako EH Bilduk udal hauteskundeetara begira landu duen programaren nondik norakoak azaldu zituen atzo Mendizaleen Plazan egindako ekitaldian. Azken lau urteetan Udalean egon diren alderdikideen babesa ere jaso zuten zerrendako hautagaiek.

Iraitz Lazkano Elgetako egungo alkateak eman zion atzo arratsaldean hasiera EH Bilduk udal hauteskundeetarako landu duen programaren aurkezpen ekitaldiari.  Lazkanok azken zortzi urteetan udal gobernuan egon den lantaldea goraipatu zuen, eta bere agintaldia alderdiak hauteskundeetara begira osatu duen zerrendako kideak aurkeztuz amaitu gura izan zuen: "Proiektuei eta erronkei gogor eta ilusioz helduko dien talde berria da. Lanerako prestutasunez eta gogor sartu ginen udaletxera eta hitza bete dugu. Gogotik egin dugu lana, eta etorkizunerako ere talde aparta osatzea lortu dugu".  Lazkanoren esanetan, EH Bilduk Elgetarako osatutako herri programa denen artean landu dute: "Herritarrekin eta eragileekin berba eginda proiektu asko sortu ditugu eta elkarrekin adostutakoak izan dira".

Ondoren, EH Bilduren alkategai Ibon Unzetabarrenetxeak eta zerrendako kideak diren Maialen Arnedok, Ione Elkorok, Kepa De Vegak,  Miren Ibarbiak, Saioa Alberdik, eta Ikuska Lizarraldek hartu zuten hitza.

Zerrenda "gaztea eta inplikatua"

Unzetabarrenetxearen hitzetan, "elgetarra, euskalduna, gaztea, inplikatua eta herrigintzan nahiz udalgintzan esperientzia" daukan jendeak hartzen du aurreko taldearen lekukoa. "Elgetarren beharrak ezagutu eta nola asetu behar diren jakinik, herriaren alde lan egiteko alkatea izatea aukera bikaina da", adierazi zuen EH Bilduren alkategaiak eta aurreratu, herritarren interesak kontutan hartuko dituztela: "Elgetaren alde lan egin behar da, Elgeta hobetzeko denok jarri behar dugu gure aldetik, denok hartu behar dugu parte". 

Politikia "soziala eta feminista"

EH Bilduko hautagaien esanetan, aurreko agintaldikoen lekukoa hartuta, politika "sozial eta feminista" egiteko asmo dute, hirigintza, euskara, kultura, memoria historikoa, kirola, hezkuntza, ingurumena, ongizatea eta berdintasuna oinarri hartuta eta Udalaren saneamendu ekonomikoari jarraipena eginda. 

Hainbat proposamen konkreturen berri ere eman zuten atzo. Hala, alokairu soziala  sustatzeko ahaleginak egingo dituztela esan zuten, baita bakarrik bizi diren adinekoen egoera aztertuko dutela eta ongizatearekin lotutako neurriak hartuko dituztela ere. Herritarrak kalean ahalik eta erosoen ibiltzeko irisgarritasuna sakontzea ere gura dute EH Bilduko hautagaiek. Energia berriztagarrien sustapena da beste asmoetako bat, 

Kirolarekin lotuta, kiroldegiko bigarren pisua eraikiko dutela iragarri zuten, baita kirol zerbitzuen eskaintza zabalduko dutela eta herri inguruetako oinezkoen bideak egokitzen ahaleginduko direla.

Kulturaren transmisioan sakontzeko eta  kulturarako sarbidea errazteko, adin tarte guztiendako kultura agenda eskaintzeko nahia agertu zuten. Kultura etxearen kanpoko itxura berrituko dutela ere esan zuten, baita barruko espazioa ere, "gehiago aprobetxatu" ahal izateko.  Hezkuntzara begira, Elgeta bere osotasunean hartuko duen curriculuma sortzeko asmoa azaldu zuten; eta, memoria historikoarekin lotuta, unitate didaktiko bat osatzekoa ere bai. Hain zuzen ere, memoria historikoaren haritik, museoa berriztea eta bisitak erakargarriagoak egitea dira proposamenetak batzuk.

Ekitaldia amaitzeko "Elgeta hobetzeko eta elgetarrei etorkizun oparoa eskaintzeko", ilusio eta gogo handiz daudela azpimarratu zuen Ibon Unzetabarrenetxeak, eta EH Bilduri botoa emateko eskatu zuen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak