Elgetako Udalak 227.000 euroko gerakinarekin itxi du 2022a

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mai. 19a, 19:00

Elgetako udalbatzako ordezkariak martitzeneko osoko bilkuran.

Elgetako udalbatzak martitzenean egin zuen agintaldiko azken osoko bilkura. Ezohiko deialdia izan zen, eta, besteak beste, 2022ko likidazioa aurkezteko eta agintaldiko azken kreditu aldaketa onartzeko baliatu zuten udal ordezkariek.

Elgetako Udalak 227.000 euroko gerakinarekin itxi du 2022. urtea. Iraitz Lazkano alkateak azaldu du betetze-maila orokorra %89 dela –%65, inbertsioen kapituluan–. "Azken hamar urteotako likidaziorik altuena da. Garbi ikusten da kalte-ordainak eta zergen kobrantzak egonkortuta eta Foru Funtsetik jaso dugun diruarekin gastatzeko diru kopuru dezente bat izan dugula; lehenengo aldiz bi milioitik gorako obligazio onartuen langa gainditu dugu (...) Inbertsioen kapituluan betetze-maila txikiagoa izateak azalpen oso sinplea du; bi inbertsio potoloenak –San Roke kaleko irisgarritasun lanak eta pump track instalazioa– ezin izan dira 2022an exekutatu. San Roke kaleko irisgarritasun lanen proiektua lotuta dago Gipuzkoako Urak-ek egin behar dituen lanetara, eta lan horiek esleitu barik daude oraindik. Espero dugu 2023an zehar egitea".

Pump track guneari dagokionez, Lazkanok esan zuen espazioa prest dagoela, 600 metro koadroko espazio bat geratu dela –ez 400– eta proiektua idatzita dagoela. Udalbatzak aho batez onartu du lanak esleitzeko prozesua martxan jartzea.

EAJko ordezkari Irune Berasaluzek azpimarratu zuen inbertsioen exekuzio maila aurreko urtekoa baino txikiagoa dela. "Zergatiaren azalpenak eman dituzu, baina aipatu nahi dut San Roke kaleko proiektua agian gehiegitxo atzeratzen doan obra dela". Alkatea ados agertu zen, baina azpimarratu zuen obra hori beste erakunde baten lizitazioaren menpe dagoela.

201.000 euro gehiago 2023rako

2022a 227.000 euroko gerakinarekin itxi ostean, Udal Gobernuak proposatu zuen gerakin horretako zati bat –201.000 euro– 2023ko aurrekontura gehitzea, kasu batzuetan partida berriak sortuz eta beste batzuetan daudenak handituz. Oposizioaren aldeko botoekin onartu zen kreditu aldaketa. Hala, handitzen diren edo sortzen diren partidak dira: pump track gunea egiteko partidari 58.371,52 euro gehitu zaizkio –guztira, 98.000 euro–, Haur Hezkuntzako jolastokia berritzeko 23.000 euro bideratu dira eta San Roke kaleko irisgarritasun lanetarako beste 20.000 euro gehitu dira –guztira, 70.000 euro–, baserritarren batzorderako beste 20.000 euro bideratu dira –guztira, 69.000 euro–, pilotalekuko teilatuan hainbat lan egiteko 15.000 euro bideratu dira, Udalaren jabetzakoak diren armak gauzaez bihurtzeko 12.000 euro, kultura eta euskara batzorderako 10.000 euro gehiago, jaietako batzorderako beste 10.000 euro, San Roke ermitako teilatu-hodiak berritzeko 10.000 euro, Elgeta memoria aplikazioa berritzeko 10.000 euro, liburutegiko erdigunean dagoen kristalezko mahaia kentzeko 5.000 euro, Debagoiena Aukera Energetikoak eta Ikastetxeklik proiektuetarako 4.150 euro eta eskolako bestelako inbertsioetarako 4.000 euro. "Ados gaude kreditu aldaketa horrekin", esan zuen oposizioak. "Hainbat partidatan exekuzio maila txikia izan bada, beharrezkoa ikusten dugu orain partida horiek osatzea".

Agintaldiko azken osoko bilkuran beste bi erabaki ere hartu zituen udalbatzak: alde batetik, Udalak Goiena Komunikazio Taldearekin urtero sinatzen duen hitzarmena berritzea –9.875 euro–; eta, bestetik, Aramaioko mediku Aitor Montesek berriki salatutako egoera dela-eta historia klinikoa euskaraz idazteko eta medikuek euskaraz lan egiteko eskubidearen alde UEMAk aurkeztutako adierazpena onartzea. Oposizioak ere aldeko botoa eman zuen azken puntu horretan, eta zehaztu zuen Osakidetzak baduela Euskara Plana eta badiharduela hizkuntza eskubideen aldeko lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak