Elgetako EAJk uste du etorkizunera begirako estrategia bat behar duela herriak

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mai. 19a, 10:00

Elgetako EAJko alkategai Iker Laka zerrenda kideekin Mendizaleen Plazan. (Argazkia: EAJ)

Elgetako jeltzaleek hurrengo agintaldiko lan lerro nagusien berri eman dute. Bost puntu nabarmendu dituzte: pertsonen ongizatea, ekonomiaren garapena, mantentze-lanak zein azpiegiturak, kultura eta kirola, eta lurralde oreka.

Iker Laka alkategaiak azaldu du herritarrek azken urteotan egindako ekarpenak aintzat hartuta osatu dutela programa. "Gure helburua urrutitik datozen arazoei behingoz konponbidea ematea da, eta, modu berean, Elgetak etorkizuneko estrategia bat edukitzeko oinarriak ezartzea. EH Bilduk epe ertain eta luzea erabat ahaztuta dauzka, eta urte hauetan guztietan ez da gauza izan elgetarren beharrei eta ilusioei bide emateko", adierazi du.

Jeltzaleek proposatzen dute, besteak beste, "errealitatea zein den ezagutzeko aldizkako azterlanak egitea, inbertsioak planifikatzea eta Udalaren kudeaketan ikuspegi estrategikoa lantzea, Elgeta dagoen geldialditik atera eta aurrera egin dezan".

Aldundiko ordezkariak herrian

Bihar, 11:00etarako, Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Arrutiren eta Mendietako eta Natura inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuñoren bisita espero dute Elgetako jeltzaleek.

Martitzenean EAJren diputatugai nagusi Eider Mendoza izan zen herrian. Deba-Urola barrutiko EAJren hautagai Maria Eugenia Arrizabalagarekin batera egin zuen bisita, eta Mendizaleen Plazan elkartu ziren Elgetako EAJren alkategai Iker Lakarekin eta beste hainbat alderdikiderekin.

Plazatik kantxarainoko ibilbidea egin zuten, eta Pagatza industrialderaino joan ziren. Elgetako jeltzaleek industrialdearen egoera "pobrearen" berri eman zioten Mendozari, eta errepideen egoeraren inguruan ere jardun zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak