Elgeta "euskaldun, feminista, justu eta ekologista" nahi dute EH Bilduko ordezkariek

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mai. 18a, 12:27

Ibon Unzetabarrenetxea zerrendaburu duen lantaldeak bihar egingo du agintaldi berrrirako aurreikusitako lan ildoen jendaurreko aurkezpena. 19:00etarako iragarri dute ekitaldia Mendizaleen Plazan. Eguraldi txarrarekin Espaloian izango da.

Elgeta "euskaldun, feminista, justu eta ekologista" nahi dutela azpimarratu dute EH Bilduko ordezkariek biharko ekitaldia iragartzerakoan, eta herritarren nahi eta beharrak erdigunean jarriko dituztela gehitu dute. "Elgeta bizi eta bizigarria eraikitzen jarraitu nahi dugu. Elgeta kolorez bete nahi dugu, elgetarrekin eta elgetarrontzako, eta lan horri ekiteko prest gaude!", esan dute.

Aurreko bi agintaldietan egindako lana modu oso positiboan baloratzen dute. "Lantalde sendoa sustraitu dugu azken urteotan eta herriarekiko dugun maitasuna, ardura eta konpromisoa berretsi dugu. Urte eta egoera oso zailak bizi izan ditugu, baina ilusioz eta gogoz egoera horiei buelta ematen asmatu dugu, herritarren beharrak gure politiken erdigunean jarriz. Udalaren egoera ekonomiko larria saneatu eta bideratu dugu, jasotako zor eta kalte-ordainak kudeatuz eta ia osotasunean ordainduz. Kudeatzaile on eta ausartak garela erakutsi dugu. Badagoela egiteko beste modu bat, egiten asmatu dugula, eta bide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoz gaudela".

Lan lerro nagusiak

Zerrenda berriko kideek bihar egingo dute datozen urteetarako dituzten asmo orokorren, printzipio programatikoen nahiz proposamen zehatzen berri emateko ekitaldia. Herrian egingo duten hauteskunde-kanpainako ekitaldi nagusia izango da.

Mendizaleen Plazan egingo dute, 19:00etan – eguraldi txarra bada, antzokian– eta agintaldiko lan lerro nagusien aurkezpena egiteko ekitaldia izango da. Aurreratu dute agintaldi honetako EH Bilduko zinegotziek eta zerrenda berriko kideek hartuko dutela parte. "Ekitaldia EH Bilduren proiektua herrira zabaltzeko bidea izatea nahi dugu. Herritarrengandik gertu egoteko bidea. Herritarren eta udalgintzaren arteko zubiak eraikitzeko urratsa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak