Bailarako trikitilariak Elgetan batuko dira maiatzaren 6an, hamazortzigarren Debagoieneko Trikitixa Eguna ospatzeko. Joan den urtean Eskoriatzan ospatu zen eguna eta aurten elgetarrei egokitu zaie hitzordua antolatzea, bigarrengoz –aurrez, 2013an egin zuten–. Bailarako trikitilariekin batera Soraluzekoak, Bermeokoak eta Legutioko trikitilariak ere ibiliko dira herria girotzen.
Adolfo Jainaga eibartarrak 32 urte daramatza Elgetan trikiti eskolak ematen. Egun horrek nagusiki bi helburu dituela azpimarratu du: "Alde batetik, urte osoan ikasten duguna herriari erakustea; eta, bestetik, besteek egiten dutena ikustea". Eguerdian hasita, kalejira egingo dute eskola guztiek, nork bere kasa. Bazkaldu aurretik, 13:00etan, eskola guztiek batera egingo dute emanaldia, herriko plazan. Ondoren, 250 pertsona espero dira bazkaltzeko. Arratsalderako, kalejira erraldoia, Ttipika taldearekin erromeria eta triki-poteoa antolatu dituzte.
Honako hau da egitaraua:
- 12:00etan, kalejira trikitixa eskola bakoitza bere aldetik.
- 13:00etan, trikitixa eskoletako joaldia plazan.
- 14:30ean, bazkaria.
- 17:30ean, kalejira erraldoia, eskola guztiak batera.
- 18.00etan, erromeria Ttipika taldearekin.
- 20.00etan, triki-poteoa.