Pandemiaren ondorioz azken urteotan egin gabe egon ondoren, badator bueltan euskal dantzen ikastaroa Elgetan. Beti bezala, saio bat egingo dute astero, maiatzaren 3an hasi eta ekainaren 28a arte. Izena emateko epea gaur amaitzen da, eta, horretarako, udaletxera edo liburutegira jo behar da. Aurten 5 eta 12 urte artean betetzen dituztenei zuzenduta dago.
Gazteenen taldean hamabi umek eman dute izena. Nagusiagoen taldean hamahiru haur apuntatu dira ikastarora. Helburua aurten ere jaietako Herri Egunerako dantza saioa prestatzea da. Urte askoan Irati Kortabitartek eta Xabat Leanizbarrutiak izan dute saioak gidatzeko ardura, baina aurten Bergarako Moises Azpiazu dantza taldeko Maite Lazkano izango da gidaria. Lazkano "gogotsu" azaldu da: "Elgetako umeak ezagutzeko aukera ederra da eta hain aste gutxian dantza ezberdinak ikastea ez da erronka makala".
Alde horretatik, Lazkanok adierazi du txikiek txulalai, zapatagin dantza, esku dantza eta polka dantzak prestatuko dituztela. Nagusiagoek, berriz, banakoa, zazpi jauzi, kontradantza eta agurra. Saioak Espaloia kafe antzokian egingo dituzte, 16:30etik 17:30era.