Festa ibiltaria da eta herririk herri ibiltzen da urtero. Aurten elgetarrei egokitu zaie egun handia antolatzea. Bailarako trikitilariekin batera Soraluzeko eskolakoak ere egongo dira herria girotzen. Haiekin batera, Bermeoko eta Legutioko trikitilariak ere bai. Guztien artean egun osoko jaialdia egingo dute. Iaz Eskoriatzan egin zuten Debagoieneko Trikitixa Eguna eta 250 lagun elkartu ziren.
Egitaraua prest
Eguerdian, 12:00etan, emango diote hasiera 18. Debagoieneko Trikitixa Egunari Elgetan.
- 12:00etan, kalejira trikitixa eskola bakoitza bere aldetik.
- 13:00etan, trikitixa eskoletako joaldia plazan.
- 14:30ean, bazkaria.
- 17:30ean, kalejira erraldoia, eskola guztiak batera.
- 18.00etan, erromeria Ttipika taldearekin.
- 20.00etan, triki-poteoa.
Bazkariko txartelak salgai
Adolfo Jainaga da Elgetako trikiti eskolako arduraduna. Apirilaren 11n bete ziren 32 urte Elgetako Trikitixa Eskola sortu zuela. Buru-belarri dabil Debagoieneko Trikitixa Egunaren antolaketarekin. Jakinarazi du bazkarirako txartelak eskuragarri daudela. "Bazkarira edonor joan daiteke, bai joleak bai joleak ez direnak".
Bazkarian apuntatzeko azkenengo eguna eguaztena izango da, apirilak 26. Interesa duenak 676 72 95 51 telefono zenbakira deitu behar du (Adolfo Jainaga).