Liburu eta ipuin artean eman zuten arratsaldea, atzo, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko api. 22a, 10:30

Liburuaren Nazioarteko Eguna datorrela-eta, plazan jarri zuen liburutegiko erakusmahaia Geaxi Ezpeletak. Opari ere eman zituen hainbat eta txikienez Zugame taldearen Otsoak maite ipuin kontularitza saioarekin gozatu zuten jarraian. Nobedadea, aurten, liburu trukaketarako plazako arkupean jarritako liburuen zuhaitza da.

Liburutegi zerbitzua kalera jaitsi zuen atzo Geaxi Ezpeletak. Urtero egiten dute Liburutegia Plazara! ekimena herrian, eta aurtengoan ere liburuz eta kolorez beterikoa izan da. Herritarrek eskura izan zituzten hainbat liburu, eta erakusmahaian liburutegi zerbitzuaren eta zerbitzuak eskaintzen dituen ekintzen inguruko informazio ugari aurkitu zuten; besteak beste, ipuin kontularitza talde boluntarioa, Hitzez Pitz irakurketa taldea, Gu ere kontulari ekimena, Astrotopaketak, hainbat formakuntza saio... Hainbat kutxatan, bestalde, liburutegian errepikatuta edo deskatalogatzeko dauden liburuak aurkitu zituzten herritarrek eta izan zen gustukorik topatu eta etxera eraman zuenik ere.

'Otsoak maite' kontularitza saioa

Zugame taldeko Itziar Gameroren eskutik heldu zen Otsoak maite kontularitza saioa. Elgetako umeak adi-adi entzun zuten kontularia. Galdetu zien zergatik ote ziren beti ipuinetako otsoak maltzurrak eta arriskutsuak, ez otso guztiak halakoak ziren pentsatzen zuten. Gamero ez zen erantzunik gabe gelditu; nork berea bota zuen eta denen artean arratsalde polita pasa zuten.

Hurrengo egunotan

Gainerakoan eta hurrengo egunetara begira martxan da umeendako ipuin kontularitza tailerra. Maider Galarzak gidatuta, kontularitzan trebatzen hasita daude bospasei ume. Liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak Gu ere kontalari abiarazi nahi du atzera ere. Datorren astean irekiko da izen-ematea eta lehen saioa maiatzaren 5ean izango da.

Atzo plazan ikusgai izandako artista liburuen inguruko erakusketa ere amaitzear da. Parte-hartzaileen artean bi sari zozketatuko ditu liburutegiak hil amaieran.

Azkenik, hezkuntza digitalaren gaineko bi saio daude iragarrita. Maiatzaren 3an, Heziketa eta segurtasuna Interneten hitzaldia egingo du KZguneko aditu batek; apirilaren 30erako eman behar da izena. Eta maiatzaren 17an, beste saio bat izango da gurasoen hausnarketarako. Liburutegiak, KZguneak eta Herri Eskolak elkarlanean antolatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak