Elgetako Piñukoku elkarteko kideek prest dute ibilbidea. "Betiko antzera, distantzia 31 kilometro ingurukoa izango da. Irteera 09:00etan izango da, herriko plazan, eta berezitasunak aurten noranzko berria eta jaitsiera berri batzuk izango dira", azaldu du Piñukoku elkarteko Etor Garatek. "Aurreko edizioetan Azkonabietarantz hasi gara, eta oraingo honetan Intxorta aldera egingo dugu. Ikusita aurreko aldietan batzuek nahikoa zutela lehenengo zatiarekin, pentsatu dugu noranzkoa aldatuta bigarren zatia ere ezagutzeko aukera izango duela hainbatek".
Plazatik Asentziora egingo dute parte-hartzaileek Zaldunborda paretik pasata. "Handik Intxortara igo, Bigarrengo errekara jaitsi eta San Romandik Santamañazar-erantz egingo dugu, eta presara jaitsi". Ibilbide erdian, plazara itzuliko dira zaleak. Hantxe egongo dira anoa-gunea eta Eibarko CDR bizikleta-dendako lagunek jarritako mekanika-postua. "Asko laguntzen dute. Aurten ere lanerako prest daude eta hor izango dira oinarrizko konponketak egiteko, eta azken orduko arazoei konponbidea ematen saiatzeko. Zulatzeak, kanbioen doikuntzak, arazoak frenoekin...".
Ibilbidearen bigarren zatian Goikomenditik Karabietara egingo dute ziklistek, eta Azkonabietara helduko dira. "Tontorrera iritsi aurretik hartuko dugu Araotzerako jaitsiera. Berriz ere Karabietako muino batera igo, eta aurreko urtean estreinatutako jaitsiera egingo dugu. Azken jaitsierak, bukatzeko, presara eramango gaitu. Plazara itzulita bukatuko da martxa", azaldu du Garatek.
Antolakuntzatik gogorarazi dute Piñukoku martxa ez dela lasterketa, martxa bat baizik. "Helburua da etortzen diren guztiek egun polit bat pasatzea Elgeta aldeko inguruak ezagutuz. Jaitsierekin disfrutatzea eta gehien gustatzen zaigun kirola praktikatzea da helburua".
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea zabalik da kirolprobak.com atarian; 15 euro federatutakoendako eta 20 euro gainerakoendako. "Aurten prezioak jaisteko aukera izan dugu. Orbeak lagundu digu eta beste zenbait enpresak ere bai", azaldu du Garatek.
Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 8:00 eta 9:00 artean. Antolatzaileek jakinarazi dute 16-18 urte artekoek gurasoen baimena beharko dutela parte-hartzeko. Amaieran bizikletak garbitzeko mangerak, dutxak, txitxi-burruntzia, zozketak eta Baobeer garagardoak egongo dira.
Ibilbidea prest dago
Azken asteotan ibilbidea prestatzeko lanetan aritu dira Piñukoku taldeko kideak. Martxa aurreko bi egunetan markatuko dute, eta errepasatzea ere tokatuko da. Jakinarazi dute, bestetik, berria dela azken jaitsiera. "Pinuak bota dituzte eta duela pare bat hilabete hasi ginen bidexka berriak prestatzen. Uste dut ondo utzi ditugula", esan du Garatek.