"Azken asteotan ludotekako erabiltzaileen kopuruak gora egin du; albiste ona den arren, gorabeherak eragin ditu zerbitzuan", azaldu du Ibai Etxaniz hezkuntza zinegotziak. "Hainbat egunetan hezitzaile bakarrarentzako edukiera gainditu egin da, eta, gainera, adin tarte oso ezberdineko umeak izanik une batzuetan ezin izan da behar bezalako zerbitzua eskaini. Egoera hau ez da egunerokoa, ez eta ohikoa ere eta asko konplikatzen da egun bakoitzeko erabiltzaile kopurua aurreikustea. Beraz, zerbitzuan zenbait aldaketa planteatu beharrean izan gara".
Udaletik azaldu dute gaur egun urteko bonua duten hamar erabiltzaile daudela, hilabeteko bonua dute lauk eta beste hainbat daude bost eguneko bonua erabiltzen dutenak. "Bost eguneko bonuak zerbitzuari mugimendua emateko eta momentuko behar bati erantzun ahal izateko sortu genituen bere garaian. Orain, aldiz, erabiltzaile kopuruan gorabehera dezente sortzen dituzte, zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzeraino".
Aurrerantzean, beraz, bi aukera izango dira: ikasturte erdiko bonua –140 euro– edo hilabeteko bonua –40 euro–. Prezio horiei hobariak aplikatu behar zaizkie, dagokien kasuetan.
"Urte osoko zein hilabeteko abonatuak kontutan izanda, zerbitzua bermatu ahal izateko hezitzaile kopurua definitu eta kontratatu ahal izateko gaitasuna izango genuke, haurrei merezi duten kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko. Etengabeko jarraipena egingo diogu egoerari eta beste aldaketarik balego berehala jakinaraziko litzateke", azaldu du Etxanizek.