Ilatargi elkarteko lagunen eskutik, astrotopaketak egingo dituzte aurrerantzean Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mar. 14a, 10:55
Astrotopaketen aurkezpena, atzo, Elgetan.

Atzo eman zuten egitasmoaren berri. Oraingoz erakusketa bat eta liburutegiko interesgunea daude Elgetan. Martxoaren 29rako iragarri dute lehenengo astrotopaketa.

Eskualde mailako Ilatargi elkarteak ekintza berriak iragarri ditu. Atzo egin zuten aurkezpen-ekitaldia Elgetako liburutegian, eta bertan elkartu ziren Ilatargi elkarteko Gorka Buruaga, Mikel Lasa eta Josu Gonzalez, udal liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeleta eta Elgetako kultura zinegotzi Ane Bilbao.

Udalak babestuta, astrotopaketak iragarri dituzte Elgetan. Astronomiaren inguruko zaletasuna sustatzea eta elkartea ezagutzera ematea dute helburu, eta hasierako asmoa da uda bitartean hilean astrotopaketak bat egitea herrian; guztiak hileko azken eguaztenean.

Astrotopaketak udal liburutegian egingo dituzte. "Liburutegiaren misioa da, beste batzuen artean, etengabeko prestakuntzarako baliabideak eskaintzea eta iritzi, informazio eta ezagutza trukerako guneak sustatuz erreferentziazko informazio gune eta herritarrentzako topagune izatea", azaldu du udal liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. "Filos0fia horren baitan, txertatzen dira astrotopaketak ere, Ilatargi elkartearekin elkarlanean, liburutegian komunitatetik eta komunitatearentzat sortutako espazio berria izatea helburu dutenak".

Lehenengo astrotopaketa martxoaren 29rako iragarri dute. "Ikusiko dugu zenbat jende gerturatzen den, eta zer nolako interesak dauden. Horren arabera erabakiko dugu zer nolako astrotopaketak etorriko diren jarraian", azaldu du Ilatargiko Gorka Buruagak.

Erakusketa eta interesgunea

Interesa pizteko asmoz erakusketa zabaldu zuten atzo kultura etxeko erakusketa gelan. Askotariko argazkiak eta eskolako umeek egindako eguzki-sistemaren inguruko lanak daude ikusgai. Horrekin batera, liburutegian interesgunea jarri dute gaiarekin lotutako hainbat libururekin. Horietako asko Ilatargiko kideek proposatu eta liburutegiak erositakoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak