Gazteleku zerbitzua, poliki-poliki, pandemia aurreko martxa hartzen hasiko da. Inauteri-zapatuan makillaje tailerra eta merienda egin zituzten eta hamar bat gaztek hartu zuten parte. "Seigarren mailako neska-mutikoak etorri ziren eta arratsalde-pasa polita egin genuen gaztelekuan", azaldu du Nerea Villa dinamizatzaileak. Xabier Delgado gazte elgetarra izan zen makillaje kontuetan argibideak emateko, eta, jarraian, lagunarteko merienda egin zuten.
Gaztelekutik proposatutako hurrengo ekintza 11-18 urte arteko gazteen sormen-lanekin egindako erakusketa da. Villak azaldu du oraingoz hiruk agertu dutela lanak erakusteko nahia: "Batek belarritakoak eta antzerakoak egiten ditu eta beste biek marraztu egiten dute". Erakusketa zeramika-gelan egingo dute, eta martxoaren 8tik 17ra egongo da ikusgai astelehenetik eguenera 16:30etik 20:00etara eta ostiraletan 14:30etik 17:30era. Oraindik ere zabalik da izena emateko aukera. "Gazteak anima daitezela. Edozein zalantza izanez gero, ludotekatik pasa daitezke edo 653 72 40 28 zenbakira deitu dezakete", azaldu du Villak.
Gazteleku zerbitzuko dinamizatzaileak nahiko luke hilean gutxienez ekintza bat egitea gaztelekuan. Erakusketaren ondorengoa manga marrazkiei buruzkoa izango da. Ibaitz Enekorta gazte bilbotarra izango da gaztelekuan manga zer den azaltzen eta marrazkiak egiten. Datarik ez dago, oraingoz.