Antzerkigintzaren eta sorkuntzaren testigu izango da Elgetako Espaloia kafe antzokia martxoan. Antzerkia, euskara eta umorea ardatz hartuta, Debagoieneko Antzerki Plataformak antolatutako sormen egonaldien lehen edizioa hasi da Elgetan. Eskualdean euskarazko antzerki sorkuntza eta euskal sortzaileen lanak ezagutaraztea da helburu nagusia. Europako Diru Funtsetatik finantzatutako proiektua da, Next generation: Gipuzkoako hiri-eremuetatik kanpoko kultura eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko izeneko diru laguntzaetatik.
Sormen-leherketa horretan bi sortzaile debagoiendarrek parte hartuko dute: Nerea Atxa arrasatearrak eta Bergarako Kokoxa antzerki taldeak. Elgetako Udalak ere bere aletxoa jarri du, Espaloia Kafe Antzokia eskainiz. Hala, Udaleko Kultura zinegotzi Ane Bilbaok uste du egonaldi artistikoek asko emango diotela herriari: "Espaloia kafe antzokia bezalako espazio bat horrelako egonaldi bat egiteko egokia dela jakinda, herriari onura besterik ez diola ekarriko uste dut", azaldu du.
Behatxulo programa
Proiektu guztiek parte hartuko dute Behatxulo programan. Programaren helburua da sormen prozesuak herriari erakustea prozesu irekien bitartez. Lehen sormen egonaldia Gasteizko Tranpola antzerki taldeak egin du aste honetan, eta atzo arratsaldean egin zuten irekiera-saioa.
Tranpola, lehendabizikoak
Tranpola antzerki taldeak Bahia Tours mikroantzerkiaren irekiera-saioa egin zuen atzo Espaloian. Erritmo bizikoa eta frenetikoa izan zen, eta publikoak berebiziko garrantzia izan zuen antzezlanean.
'Afizioz' lehiaketa
Ildo berean, antzerkigile amateurren lehiaketa jokatuko da martxoaren 11n Elgetan. Afizioz izenpean, bost talde arituko dira lehian; tartean, bi ordezkari debagoiendar: Iker Plazaola oñatiarra eta Oñatiko Debagoieneko Antzerki Plataformako formakuntza taldeko helduen tartea.