Goiz erdian hasi du elurra botatzen eta poliki-poliki baina etenik gabe gogotik bota du ia iluntzera arte. Elgetak kolore zuria hartu du beste behin, eta egoerak eskatzen du arretaz gidatzea.
Mendateei dagokienean Kanpanzar itxi egin dute, eta arreta handiz gidatu behar da gainerako errepideetan. Betiko moduan Bergarako errepidea lehenestea gomendatzen da.
Ipintza institutuko ikasleak igotzen dituen autobusa ondo heldu da Elgetara 16:30ak bueltan. Neska-mutikoek autobusetik jaitsi bezain pronto ekin diote elur-bolen demari. Lurraldebusek, dena den, handik gutxira iragarri du bertan behera gelditzen direla, oraingoz, Elgeta eta Bergara arteko autobus zerbitzuak.
Auto-istripua Elorriorako bidean
Ordu horren bueltan gertatu da auto-istripua Elgeta eta Elorrio arteko errepidean. Auto bat errepidetik irten da bihurguneetako batean eta zuhaitz bat jo du. Zubillagako suhiltzaileen bi kamioi bertaratu dira, baina ez dute esku-hartzerik egin behar izan. "Istripu txikia izan da. Barrukoak beraien kabuz irten dira ibilgailutik", azaldu dute.
Udaletxeko arkupean daude gatz zakuak premia duten herritarrek erabil ditzaten. Gainerakoan, zirkulazioaren gaineko eta mendateen inguruko informazioa hemen kontsulta daiteke.
Eguraldiaren iragarpena
Euskal meteorologia agentziak iragarri du bAualio altuenak 2 eta 6 graduren bueltan izango direla gaur, eta, gainera, izotza ere egin dezakeela.
Bihar, martitzena, ere negu giroa izango da nagusi. Tenperatura maximoak zertxobait igo daitezke, baina hotz egiten jarraituko du, ipar-haizearen eraginez. Behe-hodei asko ere agertuko dira eta prezipitazio txikia egingo du. Elur-kotak, berriz, 100 eta 400 metro inguruan jarraituko du.