Bi aste barru izango da Ibiltarien Jaia

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ots. 28a, 10:00
Bi parte-hartzaile, Asentzio inguruan, iaz egindako Ibiltarien Jaian.

Euskal Mendizale Federazioa, Elgetako Udala eta Kantsatzeke mendi taldea hasita daude martxoaren 12an egitekoa den Ibiltarien Jaia antolatzen. Iaz, eta bi urteko etenaren ostean, 130 lagun elkartu ziren. Aurten, bazkaria ere bueltan da.

Iraupen luzeko ibilbideen zirkuitua da Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen jarduerarik garrantzitsuena. Euskal Herriko hainbat bazter ezagutzeko aukera ematen du eta leku askotako mendizaleek hartzen dute parte bertan. Federazioak Elgetan egin ohi du zirkuituari amaiera ematen dion Ibiltarien Jaia, eta aurtengoa martxoaren 12rako iragarri dute.

Bi urteko etenaldi luzearen ostean, iaz egin zen atzera ere; baina bazkaririk eta diploma banaketa ekitaldi barik. Betiko formatuan dator Ibiltarien Jaia aurten; 08:00etan emango diote hasiera 24 kilometroko mendi bueltari, eta amaitutakoan egingo dira 2022ko zirkuituari dagokion diploma banaketa ekitaldia zein bazkaria.

Izen-ematea zabalik dago

Mendi irteeran parte hartzea doakoa da, baina komeni da izena ematea. Martxa klasikoa egingo dutela jakinarazi dute Federazioak, eta herriko tontor esanguratsuenak zeharkatuko dituztela mendizaleek: Elgeta, Intxorta, Erdella, Santamañazar, Egoarbitza, Azkonabitza, Karabieta eta buelta Elgetara. Mendizaleak 08:00etan abiatuko dira Bolatoki ingurutik. Bazkaltzeko txartelaren prezioa, berriz, 30 euro da. Baterako zein besterako izen-ematea zabalik da zirkuitua.com atarian, martxoaren 10era arte.

Iaz 130 lagunek hartu zuten parte Ibiltarien Jaian. Antolatzaileek jakinarazi dute dutxa zerbitzua egongo dela martxa amaieran, eta bezperan lo-lekua beharko lukeenik balego udaletxean egin behar dela eskaera aurrez. Kiroldegiko gimnasioa eskaera egiten duten mendizaleen eskura egongo da.

2022ko zirkuituak 22 martxa izan ditu eta 2023koak hemeretzi ditu aurreikusita. Euskal Herri osoko mendizale eta mendi elkarte askoren parte-hartzea dago ekimenaren atzean.

Elgetan egiten den martxari dagokionez, Kantsatzeke mendi taldeko lagunak arduratzen dira mendi bideak garbitzeaz eta markatzeaz. Zalantzarik gabe, hitzordu garrantzitsua da baita ere Elgetako mendizaleendako. Antolakuntza taldeko kide gisa zein parte-hartzaile gisa askok hartzen dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak