Rally giroko egun osoko festa bihar Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ots. 3a, 09:22

Auto erakusketa, plazan, 2019ko Mendi Mendia Racing jaialdian.

Herriko automobilismo-zaleek antolatutako V. Mendi Mendia Racing jaiak mendi lasterketa izango du nobedade nagusia aurten. Egitaraua, dena den, egun osokoa da eta bazkaltzeko, esaterako, 200 bat lagun espero dituzte, gutxienez.

Herriko eta inguruko automobilismo-zaleen festa eguna izango da bihar Elgetan. Herriko hainbat lagunek dihardute Mendi Mendia Racing taldearen bueltan. Pilotu eta kopilotu lanak egiten dituzte batzuek, mekani- kari edota laguntzaile lanetan ari dira beste batzuk... Zaleak, jarraitzaileak, babesleak eta lagunak ere ez dira gutxi.

2017an antolatu zuten lehen aldiz Mendi Mendi Racing jaia Elgetan eta bi helburu nagusirekin jaio zen: gastuei aurre egiteko laguntza lortzea eta kirol hori herrian ezagutzera ematea. Bada, helburuak ez dira aldatu.

Mendi lasterketa Egoarbitzara

Egitarauak aurreko edizioetako egitura berbera du: goizean auto erakusketa plazan, eguerdian bazkaria eta iluntzean kontzertuak. Nobedadea aurten Egoarbitzako mendi lasterketa da. Lasterketa 16 urtetik gorakoendako da, 11:30ean abiatuko da, Mendizaleen plazatik, eta doan den izen-ematea ordu erdi lehenago zabalduko dute. Intxortako Ahuntzak taldeko kideak ari dira antolaketa lanetan. Azaldu dute zazpi kilometroko ibilbidea dela, 250 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbidea honako hau da: plaza, San Roke kalea, San Roke ostetik Leposolora eta handik zuzen Egoarbitzako puntara. Egoarbitza ostetik buelta eman, zelaira jaitsi eta Leposolotik gora egindako bide beretik buelta plazara.

Sari banaketa eta talde argazkia 13:30erako daude iragarrita, plazan bertan. Bien bitartean, pintxo-poteoa eta triki-poteoa izango dira. Bazkaltzeko 200 bat lagun espero dituzte antolatzaileek.

 

Kontzerturako punk rock doinuak

Kontzertua aurten No Limits, Añube, The Lio, eta Stretwise taldeekin izango da. Aurreikuspena da 21:00etan hastea. No Limits eta Añube eskualdeko taldeak dira eta The Lio eta Strewise, Iruñekoak. Punk rock doinuak izango dira nagusi. Kontzerturako sarrerak eskuragarri izango dira leihatilan ere. Prezioa 10 euro da.
 

No Limits taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak