Elgetako Gazte Asanbladaren aurkezpen-ekitaldia gaur, egubakoitza

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urt. 27a, 08:30
Elgetako Gazte Asanbladako Ana Manso eta Unai Andres.

Urteetako etenaren ostean, Gazte Asanblada izango da atzera ere Elgetan. 18-26 urte arteko hamalau bat gaztek osatzen dute, oraingoz, eta kontzertua antolatu dute herritarren aurreko aurkezpena egiteko. 20:00etan da hitzordua, antzokian.

Bost bat urteko etenaren ostean, Gazte Asanblada izango da atzera ere Elgetan. Iaz hasi zen herriko gazte talde bat ideiari bueltak ematen. "Ikusten genuen herrian eremu oso politak daudela gauzak egiteko, baina ez zegoela ezer gazteriarendako. Zerbait eraikitzen hasteko gogoa genuen eta Gazte Asanblada berriz eratzeko eta ekitaldi batzuk antolatzen hasteko ideia forma hartzen joan zen", azaldu dute Gazte Asanbladako kide Ana Mansok eta Unai Andresek.

Biak izan ziren aurreko Gazte Asanbladako kide. "Parte hartu genuen, baina azken urteak izan ziren, eta aurrekoek uztea erabaki zutenean gutxi eta oso gazteak ginen; 16-17 bat urte. Ez genuen esperientziarik eta ez genuen gure burua gai ikusi Asanbladarekin jarraitzeko".

Hamalau bat lagun dira Asanblada berrian; 18-26 urte arteko elgetarrak. "Adin tarte nahiko zabala da eta nahiko genuke jende gehiago ere gerturatzea, baina oraintxe sortu den taldea izateko ez dago gaizki. Gogoz gaude eta iniziatiba dago taldean", esan du Andresek.

Jakin-mina dute herritarrek, eta, batez ere, herriko gainerako gazteek zer-nolako erantzuna emango dioten ekimenari, baina gogotsu daudela azaldu dute: "Ilusio handiarekin eta lanerako prest dago taldea".

Kontzertua aurkezpenerako

Kontzertua antolatu dute, herritarren artean Gazte Asanbladaren berri emateko. "Asanbladako kide Unai Cantabranak emango dio hasiera emanaldiari, 20:00etan. Jarraian, Arrasateko Trumans taldea eta Bergarako Olatz Ugarte arituko dira, eta herriko DJ Txas-ekin luzatuko dugu gaua", azaldu dute.

Sarrera doan izango da, barra zabalik egongo da eta pintxoak eskainiko dituzte. "Gure lehenengo ekintza izango da. Gabon aurretik hasi ginen antolaketa-lanetan. Kontzertua hasi aurretik, Asanbladako kideek geure burua aurkeztuko dugu. Oholtza gainera igoko gara eta aurkezpen ekitaldirako prestatu dugun idatzi bat irakurriko dugu denen artean". Aurreratu dutenez, hasierako helburua da maiztasun bateko programazioa egitea. "Ikasten joango gara eta, posibleko balitz, nahiko genituzke berreskuratu aurreko Asanbladak egiten zituen ekintzak: Sagardo Eguna, kontzertuak, hitzaldiak... Gazte Eguna egitea ere gustatuko litzaiguke".

Gaztetxea berriz zabaltzeko ideia ere buruan dute. "Asko gustatuko litzaiguke, baina epe luzerako helburua da. Ikusi egin beharko da, gainera, zein egoeratan dagoen, guk ze indar dugun... Oraingoz, ez dugu funts ekonomikorik ez eta esperientziarik eta gauza asko ditugu ikasteko. Udala, oraingoz, laguntzeko prest agertu da, eta ikusiko dugu noraino heltzen garen". Herriko gainerako eragileei ere egin diete dei. "Antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzea gustatuko litzaiguke. Nahiko genuke jakitea hemen gaudela eta laguntza ere beharko dugula".

Gazte Asanbladak kontua du Instagramen eta helbide elektronikoa ere bai: elgetagazteasanblada@gmail.com

Bost bat urteko etena

Aurreko Gazte Asanbladak 2018ko martxoaren 17an egin zuen agurreko ekitaldia. Elgetako gaztetxearen 22. urteurren festa ere izan zen. Kide gutxi ziren eta ez zuten erreleborik ikusten. 22 urteko ibilbidearen amaiera izan zen. 1995eko urrian egin zuen Asanbladak lehenengo kontzertua. Frontoian izan zen. Gaztetxearen okupazioa 1996ko apirilaren 22an egin zen eta belaunaldi bat baino gehiago pasa ziren Asanbladatik bi hamarkada haietan. Kontzertu asko antolatu zituzten, eta, horrekin batera, diapositiba emanaldiak, hitzaldiak, mahai-futbol, partxis eta mus txapelketak, irteerak... Nork ez ditu gogoan Asentzio Eguna, Sagardo Eguna, Umeen Eguna, Urteurreneko Jaiak, Udaberri Jaia...? Herriko gazteak gogotsu daude berriz, eta ekiteko prest. Ez da nolanahiko albistea.

Gaztetxean egindako azken ekintzetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak