Mendi Mendia Racing jaia otsailaren 4an

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urt. 25a, 10:39

Bueltan da Elgetako pilotu taldeak eta inguruko jarraitzaileek urtero antolatzen duten jaieguna. Bi urteko etenaldi behartuaren ostean, gogotsu datoz bueltan. Oraingo honetan, gainera, mendi lasterketa ere sartu dute goizeko programazioan.

Egun osoko egitaraua aurkeztu dute eta auto erakusketarekin emango diote hasiera jaialdiari, 11:00etan. Rally-autoak eta auto klasikoak elkartuko dituzte plazan, nahi duen guztiak gertutik ikusteko aukera izan dezan. "Lasterketen munduan dabilen jendeak ekarriko ditu autoak", adierazi du Mendi Mendia Racing taldeko Ibon Unzetabarrenetxeak.

Lasterketa Egoarbitzara

Mendi Mendia Racing jaialdiaren bosgarren edizio honetan, nobedade nagusia herri lasterketa izango da. 16 urtetik gorako lasterkariendako izango da. "Aurretik pentsatuta geneukan zerbait zen. Inoiz ez da egin Egoarbitza mendira lasterketarik, eta interesgarria ikusi genuen, ibilbide polita baita. Horretaz aparte, jendearentzat ere interesgarria izango zela iruditu zitzaigun, eta kanpoko jendearengana heltzeko bide bat zela ere bai. Intxortako Ahuntzak elkarteko kideek lagunduko digute; haiek arduratuko dira ibilbidea antolatzeaz eta segurtasunaz".

Zabalik da lasterketan izena emateko epea, eta doan da. Proba 11:30ean abiatuko da, Mendizaleen plazatik, eta sari banaketa 13:30erako dago aurreikusita.

Bazkaria eta kontzertuak

Aurreko Mendi Mendia Racing jaialdietan moduan, bazkaria antzokian izango da. Ondorengo kontzertuan, Arrasateko Añube, Bergarako No Limits eta Iruñeko The Lio eta Stretwise taldeak arituko dira. Azken Erromantikoak DJ saioarekin luzatuko dute gaua Elgetan.

Jaialdirako txartelak salgai daude Elgetako Lola tabernan, Bergarako Arranon eta Arrasateko Iluntzen. Prezioa 25 euro da –kontzertua bakarrik, 10 euro–.

2020an egin zuten Mendi Mendia Racing jaialdia azken aldiz. Orduan, 210 lagun elkartu ziren bazkaltzeko eta gaueko kontzertuan 400dik gora pertsona.

Motorraren mundua, plaza erdigunera

Mendi Mendia Racing jaiaren helburuetako bat da rallyak eta motorraren mundua herritarrengana gerturatzea. Gaur egun, Mendi Mendi Racing taldeko Mikel Beretxinagak eta Adrian Gorostizak jarraitzen dute lasterketetan. Oskar Sarasua autoa konpontzen ari da, eta Asier eta Ibon Unzetabarrenetxeak orain dela gutxi saldu dute autoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak