Sormen egonaldietarako deialdia ireki du Debagoieneko Antzerki Plataformak

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 23a, 10:51

Debagoieneko Antzerki Plataformak sormen egonaldiak antolatu ditu Elgetan, euskarazko antzerki sorkuntza sustatu eta euskal sortzaileen lana ezagutzera emateko. Izena emateko epea zabalik izango da otsailaren 3a arte.

Gipuzkoako hiri-eremuetatik kanpoko kultura eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko helburuarekin Europatik datorren Next Generation izeneko laguntzari esker eta Elgetako Udalarekin lankidetzan egin du deialdia DAPk. Hala, Debagoienean euskarazko antzerki sorkuntza sustatu eta euskal sortzaileen lana ezagutzera ematea da xedea.

Egonaldietan parte hartzeko aukera izango dute euskal antzerki sortzaile profesional zein amateurrek. Aurkeztutakoen artetik lau proiektu hautatuko dituzte: bi proiektu konpainia profesionalenak; bat, amateurrena; eta beste bat debagoiendarrena –konpainiaren gehiengoa debagoiendarra izango da edo Debagoienean lan egin beharko du–. Proiektu guztiak euskaraz izango dira.

Izen-emate epea dagoeneko zabaldu dute eta otsailaren 3an, 23:59an, amaituko da. DAPeko kideek otsailaren 15ean argitaratuko dute aukeratutako proiektuen zerrenda, eta egonaldiak otsailaren 22a eta apirilaren 2a artean egon beharko dira.

Behatxulo programan derrigorrez

Proiektu guztiek Behatxulo 2023 programan parte hartu beharko dutela adierazi dute DAPetik. Sormen prozesuak "herriari zabaltzea" da programa horren helburua: "Debagoieneko biztanleek antzerki obren beste fase eta ikuspegi batzuk ezagutzea nahi
dugu, antzerkia irisgarriagoa eta parte-hartzaileagoa eginez".

Gaineratu dute prozesu irekierek "garrantzi berezia" izango dutela proiektuak baloratzeko orduan eta horiek ere otsailaren 22a eta apirilaren 2a artean egin beharko dira.

Argibide guztiak eskuragarri daude DAPen webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak