Jende mordoa elkartu da Olentzeroren eta Mari Domingiren zain Salbador kale bukaeran. Intxortatik Elgetarainoko bidean iluntasun handia bazegoen ere puntual heldu dira neska-mutikoekin urtero duten hitzordura.
Adolfo Jainagaren trikiti eskolako neska-mutikoak prest zeuden, eta trikiti doinuz lagunduta eta jendez inguratuta egin dute Mendizaleen Plazarainoko bidea.
Udaletxean gertu aurkitu dute Maala guraso elkarteko kideek prestatutako txokoa. Bertan lekua hartu eta neska-mutiko ilara luzea bazen ere banan-banan egin diete arreta. Gutunak jaso dituzte –txupete bat edo beste ere bai–, eta makinatxo bat patxo eman dituzte.
Bai Olentzerok eta bai Mari Domingik jakin nahi izan dute Elgetako umeak txintxoak izan diren. Baiezkoak izan dira erantzun gehien-gehienak, eta hala musu bana eta gozoki poltsa jaso dute guztiek.
Emozio handiko eguna izan da gaurkoa. Bihar goizean Gabon eskea egiteko asmoa dute elgetarrek. Taldea 11:00etan elkartuko da Herri Eskolan.
Bien bitartean, Olentzerok eta Mari Domingik herriz herriko ibilbidearekin jarraituko dute. La Lan handia dute hurrengo orduotan, baina gogotsu eta indartsu agertu dira Elgetan. Laster helduko dira Debagoieneko gainerako herrietara ere.