Laster dira Elgetan Olentzero eta Mari Domingi

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko abe. 23a, 09:00

Mari Domingi eta Olentzero, Elgetako San Roke kalean gora iaz.

Musika Gelako ikasleek atzo egindako emanaldiarekin eman zitzaien hasiera Gabonetako ekintzei herrian. Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita espero dute gaur iluntzerako Elgetan. Aurretik, Herri Eskolatik ere pasako dira. Pilota txapelketako finalerdiak ere gaur jokatuko dira.

30 neska-mutikotik gora aritu ziren atzo Espaloian egindako Gabonetako kontzertuan. Gaur, baserritar jantzi eta egun berezia izango dute Herri Eskolan. Nagusienek Gabonetako azoka egingo dute plazan, 09:30etik 11:00etara, eta, ondotik, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izango dute ikastetxean, eta, horrekin batera, urteroko txistor-jana. Urtarrilaren 9ra arte iraungo duten Gabonetako oporrak etorriko dira gero.

Iluntzean beste hitzordu garrantzitsu bat dute herrian: 18:30ean jaitsiko dira berriz ere Intxortatik ikazkina eta Mari Domingi. Neska-mutikoen gutunak jasotzera joango dira Mendizaleen Plazara.

Pilota txapelketa

Urteroko herri mailako lau eta erdiko binakako eskupilota txapelketa ere sartu da azken txanpan. Urtezahar egunarekin jokatuko da, aurten ere, finala. 11:30ean hasiko da norgehiagoka, udal pilotalekuan. Gaur dira jokatzekoak finalerdietako partiduak, 18:00etan. Hauek dira partidak:

  • Sergio Bouzas/Beñat Arabaolaza eta Haritz Gallastegi/Oxel Erostarbe
  • Mikel Beretxinaga/Unai Andres eta Andoni Elorza/Josu Horrillo

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak