Magia trikimailu ugari domekan Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko abe. 16a, 11:12

Señor Perez magoa 'Xaboizko poesia' izeneko ikuskizuna egiten

Asier Kidam, David Blanco eta Señor Perez mago gasteiztarrak izango dira Elgetako Udalak Dramagia Espectaculos taldearekin batera antolatutako Magia Egunean. Umeendako magia tailerrak, magia-poteoa eta Magia Gala daude iragarrita.

Harrigarria eta liluragarria da magia. Elgetan badute magiarekiko zaletasuna, eta domekan hainbat diziplinarekin gozatzeko aukera izango da.

Udalak antolatuta eta Dramagiaren eskutik, Asier Kidam, David Blanco eta Señor Perez magoak izango dira herrian. "Eskarmentu handiko magoak dira hirurak, eta, badakigunez Elgetakoa publiko oso exijentea dela, haiekin osatu dugu Magia Eguneko egitaraua", azaldu du Dramagiako arduradun Inma Blancok.

Adin guztietako ikusleendako proposamenekin helduko dira magoak. Lehena trikimailuak egiten Asier Kidam izango da. Aski ezaguna da herrian; izan ere, aurretik ere makina bat aldiz hartu izan du parte Elgetako Magia Mostran. Lehenengo eta behin, 7-12 urte bitarteko umeendako magia tailerra egingo du, Espaloian, 11:30ean.

Umeendako tailerra

70 minutuko tailerrean, magia trikimailu bat edo beste egiten erakutsiko diete magoak umeei. "7 urtetik aurrerako umeendako izango da", azaldu du Kidamek. "Adin horretatik beherako umeei kosta egiten zaie magia kontzeptua ulertzea; trikimailu bat dagoela eta sekretua gorde behar dela, alegia". Hasiera batean, tailer bakarra dago aurreikusita, eta beharrezkoa da izena ematea, danonartian@elgeta.eus helbidean. Doan da. Atzo, eguena, zen izena emateko azken eguna.

Magia-poteoa

David Blancok hartuko du jarraian lekukoa, eta tabernaz taberna ibiliko da kartekin, txanponekin eta bestelako objektuekin. Gertuko magia egingo du, guztien gozamenerako.

Magia Gala

Eguneko ikuskizuna 18:30eko magia gala izango da. Kidam eta Blancorekin batera Señor Perez magoa arituko da. "Oso onak dira hirurak eta ikuskizun oso indartsuak dituzte", azaldu du Dramagiako arduradunak. "Asier Kidam oso berea duen estiloan arituko da. Ilusionismoa egingo du kristalezko bola batekin, sokekin, aroekin, suarekin... David Blancok, berriz, mentalismoa egingo du. Hainbat sari jasotakoa da, eta umorearekin uztartzen du haren diziplina. Azkenik, Señor Perez magoak hainbat sari jasotako Xaboizko poesia izeneko ikuskizuna egingo du. Edertasun handiko saioa da eta xaboi ponpekin egiten du".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak