Magia Eguna iragarri dute Elgetan abenduaren 18rako Asier Kidam, David Blanco eta Señor Perez magoekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko abe. 12a, 08:20

Asier Kidam magia egiten Espaloia kafe antzokian.

Magia tailerrak, magia-poteoa eta hiru magoekin osatutako ikuskizuna edo gala izango dira herrian. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da. Iluntzeko magia ikuskizuna antzokian izango da doan.

Domeka magiaz beteriko eguna izango da Elgetan. Udalak antolatuta egun osoko egitaraua dago iragarrita.

11:30ean magia tailerra izango da Mendizaleen Plazan. Doan izango da, baina plaza kopurua mugatua izango denez aurrez izena emateko eskatu dute. danonartian@elgeta.eus helbidera idatzi behar da izena emateko. Elgetan aski ezaguna den Asier Kidam mago gasteiztarrak gidatuko du tailerra.

Domeka eguerdiko txikiteoa, berriz, berezia izango da. Tabernaz taberna ibiliko da David Blanco magoa magia-poteoa egiten. Jende artean ibiliko da magia trikimailuak egiten, eta zur eta lur utziko ditu asko eta asko.

Azkenik, iluntzeko galaren edo ikuskizunaren txanda izango da. 18:30ean emango diote hasiera Espaloia kafe antzokian eta Asier Kidam, David Blanco eta Señor Perez magoak arituko dira nor bere abilezia erakusten. Magia beti da liluragarria eta ondo dakite hori Elgetan. Gala doan izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak