Elgetako parrokiako altxorrak ezagutu dituzte

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 10a, 15:40

Bisita gidatu berezia egin dute goizean Elgetako parrokian. Parrokoa bera izan da gidarietako bat, eta eliza ez ezik, sakristia eta eliza barruko biltegia ere ikusi dituzte Iruñatik, Barakaldotik, Bilbotik eta Elgetatik bertatik joandako bisitariek.

Elgetako elizako altxorrak ezagutzeko bisita berezia egin dute goizean. Nerea Villa gidariaren ondoan ibili da Juan Kruz Juaristi parrokoa bera azalpenak ematen. Eta horiek entzuten, askotan Elgetatik pasa bai baina ezagutzen ez zuen Barakaldoko bikote bat, bi herritar, Iruñean bizi den oñatiar bat bere alabarekin eta Bilboko beste lagun bat. 

Eliza kanpotik ikusten hasi dute bisita, eraikineko etapa ezberdinak identifikatuz. Kanpandorreari ere erreparatu diote, hango erlojuari, esferaren itxura duen ondoko markari eta kanpaiei, eta barrura sartu dira gero. Barruan, erretaulan jarri dute arreta berezia, errenazentista. Erdiko erretaulan agertzen diren irudiak ere identifikatu dituzte guztien artean.

Parrokoaren laguntzarekin sakristiara sartu dira eta han margo hirukoitz bati begira jarri dira, Urangaren pinturak ikusi ondoren. Juaristik azaldu die nola elizak zalantzan jartzen zuen benetakoa ote zen, baina Galiziatik etorritako aditu batek benetakoa dela zioen gutuna nola bidali zion berari. "Gerra denboran, irudi hau eraman egin zuten hemendik Bilbora eta handik Parisera, eta behin gerra bukatu ostean ekarri zuten berriz Elgetara", azaldu die parrokoak.

Giltzak berriz eskuartean hartuta, eliza barruko biltegia erakutsi die parrokoak bisitariei. Parrokiako bertako eta herriko ermita ezberdinetako irudiak dituzte gordeta bertan besteak beste. "Baita zarata ateratzeko lehen erabiltzen diren karrakak ere", gaineratu du Nerea Villak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak