Ipuinak, Euskaraldiko txapa banaketa, pintxoak, Herrixa Dantzan eta Ozkarbi Eguna, asteburuan, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko aza. 25a, 09:00

Hainbat hitzordu daude iragarrita aste bukaeran honetarako Elgetan; neguko elikagai bilketa, Ipuinen Ordua, Ozkarbi Eguna, Pintxo Eguna eta Herrixa Dantzan dantzaldia.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bihar eta etzi egingo du neguko elikagai bilketa handia. Egoera oso larria dela adierazi dute; urtetik urtera gero eta gutxiago batzen dute eta eskaerak, aldiz, gora doaz poliki-poliki. Biltegietako apal asko hutsik daude eta antolatzaileek ohartarazi dute aurten elikagaiak biltzeko inoiz baino premia handiagoa dagoela. Elgetari dagokionean Andra Mari Plazako Ugari denda izango da bilketa puntua.

Ipuinen Ordua, barikuan

Liburutegiko boluntario taldearen eskutik bihar ipuin kontalaritza saioa izango dute herriko neska-mutikoek. Ohikoa den moduan hiru saioa izango dira bata bestearen atzetik eta umeen adin tartearen arabera.

  • 17:30-17:50, HH3 eta HH4ko umeendako.
  • 18:00-18:20, HH5, LH1 eta LH2ko umeendako.
  • 18:30-18:50, LH3, LH4 eta LH5eko umeendako.

Ozkarbi Eguna, zapatuan

Azaroan egindako deialdiak maiatzekoak baino harrera hobea izan du eta zapatuan 32 bat lagun elkartuko dira Ozkarbi Eguna ospatzeko. 13:30etik 14:30era, triki-poteoa egingo dute kalez kale, eguna girotzeko. Bazkaria 14:30ean izango da Ozkarbi elkartean. Bazkalondoren, berriz, erromeria izango dute, 18:30ak ingurura arte.

Euskaraldia

Euskaraldiak ere aurrera jarraitzen du. Elgetako batzordetik jakinarazi dute zabalik jarraitzen duela izena emateko epeak eta zapatuan txapak jasotzeko puntua jarriko dutela. 12:30ak eta 14:00ak artean egongo da mahaia plaza inguruan.
 

Pintxo Eguna, domekan

Domeka eguerdian, berriz, Pintxo Eguna izango dute elgetarrek aukeran. Lau tabernak edo jatetxek hartuko dute parte: Bolatoki, Haizea, Lola eta Maialde. Euro eta erdiko prezioan eskainiko dituzte pintxoak, 12:30etik 14:30era, eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariak ibiliko dira kalea girotzen. Pintxoen osagaiak asmatzen duten parte hartzaileendako sariak izango dira.

Herrixa dantzan

Hileko azken domeka izango da honakoa, eta, beraz, Herrixa Dantzan dantzaldia izango da Elgetan. Berezia izango da, gainera. Euskal Herriko plazetarako dantza berriak proiektuaren jendaurreko aurkezpena egingo du Patxi Monterok. Zuzeneko musikarekin egingo dute dantzaldia Alboka folk taldearen eta Iker Allurren eskutik. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak