"Denbora daramagu kirol instalazioen inguruko lanketa egin nahian; batez ere, kiroldegiko eraikinari loturiko azterketa", azaldu du Kiroletako zinegotzi Ibai Etxanizek. "Jakinekoa da kiroldegiko instalazioak ez direla nahikoa herrian dugun kirol eskariari erantzuna emateko. Udaleko arkitekto eta teknikariekin azterketa sakona egin ondoren, eraikinari beste solairu bat ateratzea bideragarria dela ikusi dugu". Orain, entzute fase bat zabalduko dute.
Entzute fasea abenduan
Udal Gobernuak abenduan zehar egin nahi ditu entzute faseko aurreneko bilerak, eta hainbat eragilerekin hasiko da. "Herri Eskolarekin, herriko kirol elkarteekin, zerbitzua eskaintzen duten monitore guztiekin, kiroldegiko erabiltzaileekin, batzordeetara proposamen ezberdinekin etorri diren herritarrekin, garbitzaileekin... Eta gonbita egin nahi genioke proiektu honetan interesa duen eta parte hartu nahi duen herritar orori", azaldu du Etxanizek.